Auzoko Elkarrizketak egitasmoa antolatu dute, Egiako hizkuntza aniztasunaz jabetu eta elkarlana sustatzeko

Auzoko Elkarrizketak egitasmoa antolatu dute Egian Euskaraz taldeak, Bagera elkarteak eta Taupa mugimenduak Egiako Plaza Haundin (Luis Martin Santos plaza), larunbat honetarako (hilak 14). Azaldu dutenez, “hiru orduko gizarte elkarrizketa bat izango da, non Egiako hizkuntza aniztasunaren egoeraz jabetzeaz gain, aurrerantzean hartu beharreko norabidea zuzentzen lagundu eta herritar zein eragile ezberdinekin dauden elkarlan aukerak aztertuko diren”.
Elkarrizketa modu eraginkorrean gauzatzeko, “bi errealitate gorpuzten dituzten pertsonak” behar dituzte: “Alde batetik, euskararen normalizazio prozesuan interesa dutenak, eta bestetik, gizartera aniztasuna eta aberastasuna ekarri dutenak. Aurreiritziak alde batera utziko ditugu, izan ere, badago betidanik euskal herritarra ez bada ere, euskararen normalizazio prozesuan modu aktiboan dabilenik edo, hemen jaiota ere, euskaratik urrun kokatzen denik”. Saioaren dinamizazioa gazteleraz izango da, haurrentzako zaintza gunea egongo da eta mokadua jateko aukera ere eskainiko dute antolatzaileek.
Horregatik, errealitate horiek islatzen dituzten auzotar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, “elkarrizketa taldeak Egiako errealitatea ahalik eta modu zintzoenean ordezkatu dezan”: “Aniztasuna hizkuntzaren ikuspegitik ere lantzea behar-beharrezkoa delako, elkarrengana hurbildu eta bizipenak trukatuz. Horrela eraikiko dugulako etorkizun aberatsago bat”. Parte hartzeko, hemen eman daiteke izena.