EH Bilduk eskatu du Amara Berriko topoaren akustika eta hiri integrazio arazoei irtenbide integrala emateko

Amara Berriko bizilagunen aspaldiko eskaera bati heldu dio EH Bilduk. Urteak daramatzate eskatzen topoaren trenbidea estaltzeko. Horren inguruko agerraldia egin dute gaur udaletxean Garbiñe Alkiza zinegotziak eta Amancay Villalba Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko legebiltzarkideak. Datozen egunetan egingo dituzten urratsen berri eman dute, Amara Berriko afera horrek eragiten duen “zarata saihestu eta hiri integrazioari begira” irtenbide bat emateko.
Alkizak gogoratu duenez, 2022an Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion alternatiba jasangarriak aztertzea, eta Eusko Trenbide Sareak (ETS), erantzun gisa, 103.000 euroko aurrekontuarekin hiri integraziorako alternatiben azterlan bat lizitatu zuen, baina soilik Morlans-Anoeta tarterako. Gutxira, EH Bilduk Anoeta-Loiola zatia ere azterketan sartzea eskatu zuen, eta udalbatzak babestu zuen. “Typsak egindako azterlan horretan, hiri integraziorako bost alternatiba eskaini ziren: bi estalketari dagozkionak, beste bi lurperatzearekin dagozkionak eta azken alternatiba bat pantailen instalazioari dagokiona. Bizilagunak estaltzearen dagokion altenatibaren alde agertu dira, zarata ekidin eta hiri integraziorako aukerarik onena dela argudiatuta”, azaldu du Alkizak.
ETSk, ordea, pantaila akustiko batzuk jartzea proposatu du, Tecnalia enpresarekin elkarlanean. “Bizilagunen eskaerari muzin egin diote. Pantaila horiek, oraindik prototipo fasean daudenak eta inon ezarri ez direnak, ez dute ez bermatzen zarata desagertzea, eta ez dute hiri integrazioa konpontzen, bizilagunen esanetan”, azaldu du Alkizak. “Gainera, gurpilen parean jartzea aurreikusten da, eraginkortasuna zalantzan jartzen duen ezaugarria”, gehitu du.
Hori dela eta, azken asteotan, Amara Berriko bizilagunek hainbat bilera eta manifestazio jendetsu egin dituzte, egoeraren larritasuna salatzeko eta irtenbideak eskatzeko.
Ekimen instituzionalak
Egoera horren aurrean, EH Bilduk hainbat ekimen instituzional aurkeztuko ditu Donostiako Udaletxean eta Eusko Legebiltzarrean. Esaterako, datorren asteleheneko udal batzordeetara eramango dute gaia, interpelazio baten bidez. “Eneko Goia alkateari galdegingo diogu zergatik ez dien auzotarren eskaerei erantzun, ezta haiekin biltzeko borondaterik azaldu, eta zergatik ez duen ETS eta Jaurlaritzarekin lankidetzan jardun trenbidea estaltzeko bideragarritasuna bilatzeko”, adierazi du Alkizak.
Interpelazio beraren bidez. alkateari galdetuko diote zer iritzi duen udal gobernuak ETSk eta Tecnaliak proposatutako irtenbideari buruz, eta zer egingo duen bizilagunen partea hartzea eta iritzia kontuan hartzeko.
Era berean, mozio arrunt bat ere aurkeztu du Donostiako EH Bilduk ekaineko udalbatzan, “estalkiaren aldeko jarrera irmoa agertzeko”. Horrekin batera, udalari, Eusko Jaurlaritzari eta ETSri eskatuko diote topoa estaltzeko irtenbide bat bilatzeko eta ezartzeko.
Eskaera legebiltzarrean
Amara Berriko auzo elkarteak maiatzaren 6ko legebiltzarreko Mugikortasun Batzordean parte hartu zuten, eta han aurkeztu zituzten gaiaren inguruko kezkak eta proposamenak. “3.500 bizilagunek jasaten dute zarata, eta tren bat igarotzen da 3,5 minutuero. Auzotarrek defendatzen duten estalkiak bi arazo konponduko lituzke: akustikoa eta urbanistikoa. Eta hori, gainera, herritarren babesarekin egiten bada, aukera paregabea bihurtzen da”, esan du Villalbak. “Proposamena argia da: trenbidea estali, eta ez pantailen bidezko konponketa partzial bat onartu”, gaineratu du.
Horrenbestez, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du legebiltzarrean, eta ekainaren 24an eztabaidatuko da. Proposamen horren bidez, bi eskaera zehatz egiten dizkie Jaurlaritzari eta ETSri: “Batetik, Donostiako Udalarekin batera lan egin dezatela, Morlans eta Zorroaga pasealeku artean metroa estaltzeko irtenbide bat bilatzeko eta ezartzeko, metroaren hiri integrazioa hobetu eta zarataren arazoa konpon dadin. Bestetik, proiektuaren diseinuan eta garapenean, auzotarren parte hartzea bermatzea”.