Gaur irekiko dute Saguesko garagardo azoka
Jateko eta edateko eskaintza zabala egongo da igandera arte, eta bertso bazkaria egingo dute azken egunean.

Urteroko legez, Saguesko garagardo azoka bueltan da, Bera Bera kirol klubeko errugbi sailak antolatuta. Gaur arratsaldean irekiko dute (hilak 11), 18:00etan, eta igandera arte egongo da zabalik, jateko eta edateko eskaintza zabalarekin.
Graduazio eta estilo hainbatetako 41 garagardo dastatzeko aukera egongo da azokan, denak Basque Beer zigiludunak eta iturritik zerbitzatuak (3 eta 5 euro arteko prezioetan). Bestalde, eskainiko dituzten jakiak ere askotarikoak izango dira: saltxitxak, txerri ukondoak eta solomo buruak, oilaskoa, patatak, eta abar.
Ostiralera bitarte, arratsaldetik aurrera egongo da irekita azoka, eta bertan afaltzeko aukera egongo da. Larunbatean eta igandean, aldiz, afaltzeko aukera ez ezik, bazkaltzekoa ere egongo da, gunea 12:00etatik egongo baita zabalik.
Ostiralean eta larunbatean, bestalde, DJ saioa egongo da 22:00etatik gauerdira eta igandean bertso bazkaria antolatu dute, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibartzabal bertsolariekin. Era berean, pintxo-potea eskainiko dute ostegun eta ostiral arratsaldean, eta happy hour-a igande arratsaldean, gelditzen diren garagardoak prezio berezietan eskainiz; egitarau osoa hemen daukazue. Afaltzeko zein bazkaltzeko mahaiak erreserbatu daitezke, azokaren webgunean.
Azokan 1998tik
Azokak 26 urteko historia du. 1998an egin zen aurrenekoz, Amarako Gaska kiroldegiaren atzealdean dagoen frontoian (Bera Beraren egoitza sozialaren aldamenean). Urte haietan, baliabide falta zela eta, Intxaurrondoko garagardo azokaren laguntza izan zuten. Handik, Manteo kiroldegira lekualdatu zuten azoka, eta Saguesera beranduago. Harrezkero, Zurriola pasealekuaren muturrean “etxean” sentitzen direla baieztatu dute errubi taldeko kideek. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, hiru urtez ez zuten azokarik antolatu, baina 2023an itzuli zen azoka Saguesera.