Hondartzetan jasotako zaborren %55 da birziklagarria, iaz baino hamar puntu gehiago

Udalak gaur egindako agerraldian azaldu duenez, 2024an hiriko hondartzetako birziklatze tasa %55era iritsi zen, 2023an baino hamar puntu gehiago. Guztira, bildutako hondakinen guztizko bolumena 537 tonatik 501 tonara murriztu zen. Hala ere, “oraindik asko dago egiteko”, eta Donostiako Udalak, 2030erako, hondartzetan %80ko birziklatze tasa lortzea du helburu. Horretarako, Donostiako Udalak eta Naturklima Fundazioak ITSASOS kanpaina aurkeztu dute beste urte batez, irudia eta leloa berrituz. “Arazoa handiegia da jaramonik ez egiteko” da edizio honetako mezu nagusia, eta, horrekin batera, irudi bisual indartsu bat aukeratu da, kontzientzia mugiarazi eta “fokua erantzukizun indibidualean” jarri nahi duena: “Mezua argia da: gaur batere pentsatu gabe hondartzetan botatzen dugun hori zuzeneko mehatxu izan daiteke bihar gure ozeanoentzat”.
Iñigo Garcia Villanueva Ingurumeneko, Aniztasuneko eta Inklusioko zinegotziak nabarmendu duenez, “kanpaina honek ispilu bat izan nahi du, gure ohituren benetako inpaktua erakutsi eta hondakin bakoitzak helmuga bat duela gogoraraziko duena. Ezin dugu onartu helmuga hori itsasoa izatea. ITSASOS hainbeste ematen digun ingurune horrekin erantzukizunez eta maitasunez jarduteko deia da”.
Izan ere, kalkuluen arabera, itsasoko zaborraren % 60eta 80 bitartean plastikoa da, gehiena mikroplastikoa, eta %80 lurretik dator, hiri-hondakinak gaizki erabili, hor zehar utzi edo desegoki kudeatu direla eta. Aztiren txosten baten arabera, hondakinik ohikoenak zigarrokinak dira, %38 eta %50, hurrenez hurren, Kontxan eta Ondarretan. Ondoren, 2,5 cm eta 50 cm arteko plastikozko piezak daude (%25 eta %16 Kontxan eta Ondarretan, hurrenez hurren), eta, horien atzetik, paper zatiak eta bilgarriak, poltsak eta makilak (%6 bi hondartzetan). Gainera, pelletaren 14 item ikusi ziren (plastiko primarioa, segur aski itsas garraioan izandako istripu eta galeren ondorioz edo plastikoa eraldatzeko industriatik iritsia kostara).
Hondartzetako hondakinen bilketa
Uda honetan, berrikuntza gisa, Udalak herritarrak kontzientziatzeko ekintzak egingo ditu hiru asteburutan, Surfrider Foundation Europe erakundearen bidez. Irabazi-asmorik gabeko erakunde hori lakuak, ibaiak, ozeanoa, olatuak eta itsasertza babesteaz eta hobetzeaz arduratzen da. Hain zuzen ere, erakunde horrek hondakinen hiru bilketa antolatuko ditu udan:
• Uztailaren 10ean, Murgita kalan, bilketa zientifiko bat egingo da, eta datuak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriora bidaliko dira gero.
• Abuztuaren 28an, Kontxa hondartzan, zigarrokinak bilduko dira, hondakinik ohikoena baitira.
• Irailaren 6an, Ondarretako hondartzan, hondakinen bilketa paddle surfeko jarduera batekin batera egingo da. Kasu honetan, plaza mugatuak izango dira, 25 pertsona gehienez.