Zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko «apustu argia» eskatu du LABek

Pribatizaturiko zaintzako langileek Euskal Herri mailako mobilizazioa egin dute Donostian. LAB sindikatuak langile horien izaera publikoa aldarrikatu du hiriko kaleetan: “Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dute. Ildo horretan, lan baldintzak berdindu behar dira”.
Martxan parte hartu dute, besteak beste, Gipuzkoako helduen egoitzetako zaintza langileek. LABek lanuzteak iragarri ditu sektorean, eta gaurkoa izan da lehena. “Borroka eta duintasun eredu izan zarete beti, eta gaurkoan ere patronalaren utzikeria salatzeko kalera atera zarete. Zuen ondoan izango gaituzue”, esan du Ane Escondrillas LABeko ordezkariak.
Patronalaz ez ezik, administrazio publikoen arduraz ere hitz egin du Escondrillasek. Zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak erabakitzen dituztenak direla salatu du. “Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, eta, euren politika pribatizatzaileen bidez, patronalekin negoziatzera behartzen gaituzte, eta eskuak garbitzen dituzte diru publikoa xahutzen duten bitartean”. Horregatik, administrazioei eta agintariei mezu zuzena bidali die: “Ez dizuegu bitartekaritza eta enpresei oparitzen diozuen dirua kontrolatzea soilik eskatzen; konpromiso errealak eta borondate politikoa exijitzen dizkizuegu zaintzak negozio izateari utz diezaion”.
Horretarako, zaintza langileen lan eta bizi baldintzak “eztabaida sozialaren eta politikoaren erdigunera” eraman beharraz mintzatu da Escondrillas, eta datozen bi urteetan horren aldeko lanean konprometituko dela LAB. Sindikatuaren aldarrikapen nagusia argia da: pribatizatutako zaintza langileek, zerbitzu publiko bat ematen dutenez, administrazio publikoaren kudeaketa zuzeneko langileak izan behar dute. Bide horretan, baina, “erronka estrategiko” bat du sindikatuak, Escondrillasek gogora ekarri duenez: lan baldintzen berdintzea: “Lan berdina egiteagatik lan baldintza berdinak exijitzen ditugu”.
Zaintza krisiari heldu eta zaintzarekin negozioa egiteari utzi beharraz aritu da, irmo, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra: “Ez dirudi instituzioen kezka nagusien artean dagoenik. Zaintzarekin negozioa egiten da, zaintza eredu duina ez da bultzatzen eta zaintza langileen prekarietate egoeren aurrean beste aldera begiratzen dute instituzioek. Inoiz ez da zaintza sistema publiko komunitariorik bere osotasunean garatu”. Instituzioen “hitzontzikeria” salatu du, “ezin baita berdintasunaz hitz egin aitortzarik egin gabe, desfamiliarizaziorik gabe, zaintzak banatu eta demokratizatu gabe”” Orain arteko politikak irauli egin behar direla esan du, eta, horretarako, zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko “apustu argia” egin beharra dagoela.