7.700 euro bildu ditu Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak asteburuan egindako diru bilketan
Elkarteak Donostiako biztanleen "eskuzabaltasuna" eskertu du.

Minbizia duten pertsonei babesa emateko asmoz, diru bilketa egin zuen Donostian Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak joan den larunbatean. 7.738,29 euroko bildu zituzten orotara, eta elkartea oso eskertuta agertu da Donostiako biztanleekin: “Urteko diru bilketan parte hartu zuten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu haien eskuzabaltasunagatik”.
Pazienteei laguntzeaz gain, ikertzaile, osasun langile, boluntario, psikologo eta gizarte langileekin konpromisoa hartzea eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzea ere izan zen egitasmoaren helburua, eta nabarmendu dutenez, “diru bilketa honen bitartez lortutako funtsei esker, ikerketa onkologikoarekin lotutako proiektuen finantzazioa, paziente eta hauen senideak artatzeko programa eta gaixotasunaren prebentziorako eta detekzio goiztiarreko kanpainen jarraipena bermatzen da”.
Hainbat boluntariok hartu zuten parte ekimen solidario honetan, hirian zehar banatuta zeuden mahaietan. Era berean, urtero egiten den ekimen honek herritarren artean “elkartearen presentzia handitzeko” eta “elkarteak egunetik egunera pazienteen eta hauen senideen onurarako egindako lana ezagutarazteko” aukera ematen duela adierazi du elkarteak.
Lortutako baliabideak ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dira. Horrez gain, gogorarazi dute pasa den astean dohaintza egiteko aukerarik izan ez zuten herritarrek, nahi izanez gero, elkartearen webgunearen bitartez egitea ere posible dela.