Astebururako plan bila?

Astebururako plan bila zabiltza? Aukerak ez zaizkizu faltatuko Donostian. Alde batetik, ez ahaztu Amara Berriko eta Antiguako sanjoanak, Herrerako jaiak, Buenavistakoak ospatuko dituztela asteburu osoan zehar —hemen dituzue egitarauak—, eta, bestetik, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizuegu jarraian; horrez gain, gure agendan aukeraketa zabalagoa aurkituko duzue.
Ostiralean (hilak 13), Tabakalerako zinema aretora joatea da gure proposamena. Izan ere, Tabakalera belaunaldia zikloaren barruan, Andrea Sanchezen Frialdad (2024) eta Mikel Gurrea donostiarraren Suro (2022) filmak proiektatuko dituzte, 19:00etan. Sarrerak hemen daude salgai.
Larunbatean (hilak 14), ezin zitekeen beste modu batean izan, Fermin Muguruzaren Anoetako kontzertura joatea da gure gomendioa. Izan ere, historikoa izatea espero, arrazoi askorengatik: Fermin Muguruzaren musika ibilbidearen 40. urteurreneko birako Euskal Herriko agertoki handiena izango delako, hainbat belaunaldirentzat erreferenteak izan diren taldeen —Kortatu eta Negu Gorriak, esaterako— musikaren errepasoa egingo duelako eta Anoetan bakarlari gisa joko duen lehenengo euskal musikaria izango delako. Irundarrak 21:00etan joko du, baina askoz lehenago hasiko da festa Anoetan. 17:00etan irekiko dituzte ateak, eta Stepi Selektah taldeak girotuko du zelaia 18:00ak arte. Hain zuzen ere, Niña Coyote eta Chico Tornado bikote donostiarra ariko da orduan, eta amaieran, 18:55 inguruan, Palestinaren aldeko argazkia egingo dute. 19:00etan, DAM (Hip hop Palestine) taldeak joko du, eta Des-kontrolek 20:00etan. 30.000 lagunek estadioa betetzea espero da, eta oraindik sarrera batzuk salgai daude, hemen.
Azkenik, igandean (hilak 15), asteburua borobiltzeko kontzertu bat proposatuko dizuegu: The Skatalites eta Steady Rockets ska jamaikarreko taldeak, Intxaurrondo Kultur Etxean, 20:00etan. Sarrerak hemen daude salgai.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat: Xabier Muruak eta Iñaki Vazquez Larreak hitzaldia emango dute Koldo Mitxelena Kulturuneko Santa Teresa aretoan ostegunean, 19:00etan: Etorkizuneko lana eta ekonomia: Adimen Artifiziala, iraultza edo desoreka?.