Kooperante gazteentzat beka deialdi berri bat zabaldu du aldundiak
30 urtetik beherako pertsonek eman ahal izango dute izena, eta hilaren 30era arte egongo da horretarako aukera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 urtetik beherako kooperante gazteentzako beka programaren beste edizio bat aurkeztu du gaur. Goizane Alvarez Kultura eta Lankidetzako foru diputatuak jakinarazi duenez, eskabideak aurkezteko epea ekainaren 30era arte luzatuko da, eta uztailaren erdialdean emango da behin betiko ebazpenaren berri.
Aurreko edizioetan bezala, laguntza horren aurrekontua 20.000 euro da guztira, eta gehienez 2.000 euro eskatzaile bakoitzeko. Eskabidea, ezaugarriek ahalbidetzen badute, Internet bidez aurkeztuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, diru laguntzen atarira sartuz eta horretarako dagoen formulario espezifikoa erabiliz.
Kooperante gazteen hiru esperientzia
Iaz, Lankidetza Departamentuak hamalau beka eman zituen guztira, eta, horrela, jasotako eskaeren %100 bete zuen. Horrela, Gipuzkoako gazteek garapen proiektuetan parte hartu izan dute Bolivian, Senegalen, Boli Kostan, Saharan eta Bangladeshen. Hautatuak Proyde Proega, Mundubat, Ndank Ndank eta Muhammad Yunus ibilbide luzeko gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetzan aritu dira.
Zehazki, hiruk beren esperientzia azaldu dute gaur egin duten aurkezpen prentsaurrekoan: Ane Acha Insaustik 1.550 euro jaso zituen Proyde Proega GKEarekin Boli Kostako Hogar Akwaba proiektuan parte hartzeko; Jose Maria Paviak 1.076 euroko laguntza jaso zuen Bangladesheko Muhammadyunus proiektuan laguntzeko; eta Ainhoa Encinas Boliviara joan zen Proyde Proega GKEaren bidez Huerfanos Jesus Mercado Institutuan laguntzeko. Horretarako, 1.665 euroko beka bat jaso zuen.
Zazpi urte, 19 herrialde eta 67 bekadun
2016tik (2020an eta 2021ean izan ezik, pandemiaren ondorioz), programak aukera eman die 67 gazteri lankidetza esperientzia bat egiten laguntzeko, guztira 130.000 euroko inbertsio metatuarekin. Urte hauetan zehar, bekei esker egonaldiak egin ahal izan dira hezkuntzan, osasunean, arkitekturan edo ingurumenean Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako hainbat herrialdetan. Zehazki, Nikaraguan, Guatemalan, Ekuadorren, Argentinan, Txilen, Perun, Brasilen, Bolivian, Mexikon, Kolonbian, Saharan, Tanzanian, Kongon, Kenian, Liberian, Kamerunen, Senegalen, Boli Kostan eta Bangladeshen.
Diputatuak nabarmendu duenez, “politika publiko hau oso garrantzitsua da sentsibilizazio tresna gisa, baina baita ekintza erreal eta eraldatzaile gisa ere. Kooperante gazteen aldeko apustua egitea gizarte bidezkoago eta konprometituago batean inbertitzea da”. Era berean, azpimarratu duenez, “lekuan bertan egiten duten lanak errotik markatzen die ibilbide pertsonala eta profesionala, eta aldaketarako eragile aktibo bihurtzen ditu itzulitakoan”.
Kooperante gazteentzako bekak Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Zuzendaritzak bultzatutako gizarte eraldaketarako hezkuntza estrategiaren (ETS) parte dira, “tokiko eremutik herritartasun globala eraikitzen jarraitzeko helburuarekin”.