Patronatuaren berritzea azaleratu nahi du Donostia Kirolak bere irudi berriarekin

Donostiako Udal Patronatua azken bi urteetan egiten ari den berrikuntza islatzeko, erakundearen irudi berria aurkeztu dute eguerdian Tabakalerako prisman. Udal gobernuko kideekin batera, hiriko kirol sareko 150 lagun baino gehiagok bertaratu dira ekitaldira. Hizki zuriak eta ‘o’ luze urdin bat dira irudi berriaren ikurrak, eta modu grafikoan islatu nahi du hiriko kirol ekosistemaren beharrei eta gizarte hazkundeak kirolerako eta bizitza osasungarrirako planteatzen dituen erronkei modu egokiagoan erantzuteko egiten ari diren ahalegina. Erakunde “dinamikoagoa eta hurbilagoa” bihurtu nahi dute eta arreta handiagoa eman ere kirolak beste gizarte eremu batzuekin dituen loturei, hala nola, osasuna, hezkuntza, berdintasuna, inklusioa edo aisia. Astelehenetik aurrera, hilak 16, komunikazio kanpaina abiaraziko dute Donostia Kirola da irudi berria ezagutarazteko eta azpiegituretan ezartzeko lehen urratsak ematen hasiko dira.
Ekitaldian izan den Eneko Goia alkateak kirolak hirian duen “garrantzia eta pisua” nabarmendu du, izan ere, “lau donostiarretik hiruk astero egiten dute jarduera fisikoren bat”, eta hortaz, 50.000 bazkidek erabiltzen dute Donostia Kirolaren azpiegitura sarea “zaindu beharreko altxorra da”. Era berean, aipatu du “laster” lizitatuko dutela Illunbeko erabilera anitzeko pabiloi berria eraikitzeko proiektua, “klub askoren beharrei erantzungo diena”, eta udan hasiko dituztela miniestadioa birmoldatzeko lanak. Ane Oiarbide alkateordeak, berriz, kirolak berdintasuna eta borroka feminista ikusarazteko “funtsezko gune gisa” duen garrantzia azpimarratu du. “Kirolak erreferente inspiratzaileak eskaintzen ditu eta eragin sozial handia du, emakumeentzat hiri berdinzaleago bat eraikitzen lagunduz”. Azkenik, Kirol eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek adierazi duenez, kirola gizartearen erdigunean dagoen heinean, kirol politika ere udalaren bihotzean kokatu behar dela. “Kirolaren protagonismo sozial horri aurre egiteko, Donostia Kirola berri bat behar dugu, indartsuagoa, dinamikoagoa eta planteatzen diren erronketarako prestatuagoa, baita kirol ehunetik hurbilago dagoena ere”.
Programa berriak
Aldaketak, ordea, itxura gainditzen du. Proiektua berrantolatu eta indartu dute arduradunek, baita proiektu berriak sortu ere. Hala, hainbat kirol bultzatzeko egitasmoak abiarazi dituzte, bereziki, minoritarioak edota auzoetan kirola ardatz bihurtzea xede dutenak, hau da, Donostia Pilota, Jokoak eta Auzo Kirola. Datozen hilabeteetan ildo hori indartuko dute programa berriekin. Horien xedea kirola eta atari zabaleko jarduera fisikoa, bizimodu osasungarria, balioetan oinarritutako prestakuntza edo kirolak kulturarekin eta gizartearekin dituen loturak sustatzea izango da.
Erronka horiei erantzuteko, erakunde eta eragileekin aliantza estrategikoak ezartzea lehenetsi du. Bertan kokatzen da Rural Kutxarekin lau urterako egindako elkarkidetza akordioa. Horri esker, erakundeak bere lan ildoetako batzuk hobetu ahal izango ditu, eta beste batzuk abian jarri, besteak beste, Kirol Txartelean 16 eta 30 urte bitarteko bazkideentzako % 50eko deskontua, datozen lau urteetan 6.000 pertsona baino gehiagok jasoko dutena.
Azpiegiturak hobetu
Donostia Kirola inbertsio handiak egiten ari da kirol azpiegiturak, Anoeta Kirol Hiria eta Illunbe hobetzeko. Hori horrela, azken hilabeteetan, belodromoaren estalkia ordeztu dute eta ministadioaren birmoldaketari ekingo diote aste gutxi barru, zehazki, uztailaren 15ean. Arduradunen esanetan, “Euskadiko atletismo instalaziorik garrantzitsuena izango da”. 4,5 milioi euroko inbertsioa du eta datorren urtearen erdialdean amaituta egotea aurreikusi dute. Herrerako futbol zelaia ere erabat eraberrituko dute, 3,2 milioi euroko inbertsioa eginda; eta lehen aldiz, aurten, patronatuak 500.000 euroko urteko funts bat du kiroldegiak eta beste azpiegitura batzuk hobetzeko. Horri guztiari Anoeta Estadioaren ingurua urbanizatzeko egindako inbertsioa gehitu behar zaio, 6 milioi eurotik gora. 2026an amaituko dute.
Bestalde, Donostia Kirola Anoetako Kirol Hiria —Belodromoa, Atano III.a eta Carmelo Balda— osorik berritzeko azterlanak egiten ari da, “etorkizunean Donostiako eta Gipuzkoako kirolaren erronkei erantzuteko moduan proiektatzeko”.
Hiriak aurre egin beharreko proiektu estrategiko garrantzitsuena Illunbe Berria erabilera anitzeko pabiloia sortzea da, barnean Gaska kiroldegi berria hartuko duena. 2023erako amaituta egotea aurreikusi dute baita “jauzi kualitatibo handia” izatea ere bai hiriko bai Gipuzkoako kirolarentzat. Erakundea proiektuaren diseinurako ideia lehiaketaren deialdia zehazten ari da. Horretarako, aurten, 500.000 euroko inbertsio sail bat du.
Azpiegiturez haratago, Gabarainek gogorarazi duenez, hiria 2030eko Munduko Futbol Txapelketaren egoitzetako bat izango da. “Kirol mugarri handi” eta hiriak inoiz aurre egin dion “erronka logistiko eta antolatzaile handiena ere”. Aldi berean, ordea, “aukera bikaina” ere badela zehaztu du, izan ere, kudeaketa tresna berriak eta lan ereduak garatzea eskatuko baitie, “ezagutza oso baliotsua” emango dietenak. “Munduko Txapelketak futbolaz haragoko ondarea utz dezan lan egin behar dugu, Donostiako kirola oro har bultzatzeko, gure instalazioak hobetzeko eta gure marka indartzeko, kirolaren eta bizitza osasungarriaren hiri gisa”.