TAO sistema berrituko du udaleko Mugikortasun Sailak
Araudia egungo beharretara egokitu eta egoiliarren ibilgailuei lehentasuna emango diete.

Donostiako Udalak TAO sisteman hobekuntza batzuk egingo ditu datozen hilabeteetan. Irailean hasi eta 2026ko udazkenera bitartean ezartzen joango diren aldaketen artean dira txartela fisikoa berriz ere martxan jartzea, araututako eremuak handitzea, sektoreak homogeneizatzea, eta egoiliarrentzako eremuak zaintzeko ordutegia zabaltzea –eguerdiak eta gauak ere sartuta– eta zaintzaren maiztasuna areagotzea.
“Mugikortasun Sailak azken urteotan lurrazaleko aparkalekuaren erabileraren inguruan egin duen azterketatik abiatzen dira martxan jarriko diren hobekuntzak. Horien helburua da araututako eremu bakoitzean ibilgailuen txandakatzea bultzatzea eta egoiliarrei bertan aparkatzeko modua erraztea”, azaldu du Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak.
TAO bereizgarria
Berritasun garrantzitsu eta berehalakoenetako bat da hiriko ibilgailuek berriz ere TAO txartela eraman beharko dutela. Egoiliar baimena duten ibilgailuak identifikatzeko bereizgarria nahitaezkoa izango da 2025eko urriaren 1etik aurrera, zaintza lanak errazte aldera, trafikoa eta aparkalekua salbuespenezko egoeretan arautu behar direnean.
2023an, bereizgarria kentzea erabaki zen, administrazio eragozpenak sortzen zituelako eta araututako eremuak beste baliabide batzuen bidez zaintzeko gaitasun teknikoa bazelako. Hala ere, neurria ebaluatu ondoren, erabaki da bereizgarri hori erabiltzeak beste kontrol mota batzuk errazten dituela mugikortasun agenteek edo udaltzainek ibilgailuak azkar eta arin identifikatu behar dituzten egoeretan (trafiko mugatuko egoerak, auto ilarak, ekitaldiak eta abar).
Hala, irailaren 1etik aurrera eta hilabete osoan zehar, egoiliarren TAOa duten 17.000 donostiarrek komunikazio pertsonalizatua jasoko dute etxean, eta horrekin batera helaraziko zaizkie txartel berria, eremuen sektorizazioa erakusten duen plano eguneratua eta txartelaren erabilera baldintzei buruzko informazio garrantzitsu guztia.
Txartela jasotzeko arazorik izan ez dadin, baimena duen norbait sektore berean bizilekuz aldatu bada eta Mugikortasun Saila horren jakitun egin ez badu, datozen asteetan jakinarazi beharko dio bere helbide berria zein den.
Norbaitek txartel zaharra badarabil, kendu egin beharko du, eta itsasgarri berria ibilgailuaren haizetakoan jarri, ikusteko moduan, urriaren 1a baino lehen. Modu horretara, hiriko txartel guztien diseinua homogeneizatuko da, eta iruzurrezko erabilera saihestuko.
TAOaren ordenantza
Udala lurrazaleko aparkalekuak arautzeko egiten ari den birplanteamenduaren barruan, aparkaldi arautuaren zerbitzua arautzen duen udal ordenantza (TAO) ere aldatuko da. Tresna horrekin, zerbitzua handitu edo lehendik dauden sektore batzuk bateratuko dira.
Aldaketa horri esker, TAO zerbitzua eremu hauetara zabalduko da: Igara ingurua (Portuetxe kalea, Igara bidea eta Lautximinieta parkalekua barne), Rodil ingurua –Ategorrietako Galtzara Zaharra (Rodil kalea, Arbola pasealekua, Bordatxipi pasealekua eta Larraga bidea barne), bai eta Antigua – Aiete inguruko beste kale batzuk ere (Gantxegi, Txanponenea eta Jauregi kaleak). Horrela, araututako 475 plaza inguru gehitu nahi zaizkie egun dauden 18.200 plazei.
Mugikortasun Sailak dagoeneko antzeman ditu kale horiek TAO sistema behar duten bideak direla, aparkatzeko ohiturak aztertu ondoren, baina hiriko beste eremu batzuk ere aztertzen ari dira, beste behar batzuk antzemateko.
Ordenantza aldatzeko prozesua datozen hilabetetan gauzatzea aurreikusten da, 2026ko udazkenean indarrean jarri ahal izateko. Udal legediaren gainerako aldaketetan bezala, prozesu honetan zehar kontsulta publikorako epe bat irekiko da, herritarrek horri buruzko ekarpenak egin ahal izan ditzaten.
Ordenantza aldaketa horren beste helburuetako bat da aparkatzeko erraztasunak ematea egoiliarrei; izan ere, sektore batzuk jatorrian bereizitzat jotzen ziren, baina, urteekin, bertako mugikortasun ohiturak aldatu egin dira, eta, horregatik, bateratu egingo dira.
Hala, 2-1 sektorea (Gros) eta 2-2 sektorea (Sagues – Rodil – Manteo) bakar batean bateratu nahi dira, bai 1-2 sektorea (Erdialdea) eta Urumeako 2-4 sektorea (Koipe) ere.
TAOaren zaintza
Araudiak behar bezala funtziona dezan, hura betetzen dela zaintzea da gakoetako bat; hain zuzen ere, zerbitzu horrek ingurune arautuetan txandakatzea behar bezalakoa izatea eta egoiliarrentzat gordetako espazioak babestea bermatzen du. Horregatik, Mugikortasun Saila zerbitzu berriaren kontratua diseinatzen hasi da, eta 2026ko udazkenean abian jartzea da asmoa, ordenantza aldatzearekin batera.
Ezarriko diren hobekuntzen artean dira, hain zuzen ere, soilik egoiliarrek aparkatzeko eremuak gehiago kontrolatzea; horretarako, kontrolaren maiztasuna areagotuko da, eta kontrolatzaileen zerbitzua eguerdira eta gauetara zabalduko da.
Beste aldaketa bat kaleko makinak gutxitzea izango da; izan ere, azken urteotako joerak erakusten du eragiketa gehienak aplikazio mugikorren bidez egiten direla. Gaur egun, ordainketen %65 El Parking aplikazioaren bidez egiten dira, eta %35, berriz, parkimetroetan (%20 eskudirua – %15 banku txartela). Horri esker, gainera, espazio publikoko zenbait eremu berreskuratuko dira, eta kale garbiagoak eta hiri oztopo gutxiagokoak izango ditugu.