'Antiguotarrak gera' abesti berria estreinatuko dute jaietan
Kalakaneko Thierry Biscaryk Antiguotarrak dantza taldearentzat sortutako abestia da, eta hilaren 21ean, Dantza Egunean, aurkeztuko diote auzoari. Ondo ateratzen bada, San Joan bezperan abestu eta dantzatuko dute berriro, eta urteroko tradizio bihurtu nahi dute.

Antiguako sanjoanak gaur hasi eta hilaren 23an amaituko dira, San Joan suaren inguruko festarekin. Egitaraua ongi lotua du dagoeneko Antiguotarrak dantza taldeak, jai hauen antolatzaileak, eta bertako kide Lide Perezek (Antigua, 1999) azaldu duenez, berritasun gutxi badago ere, duela hainbat urte auzoan izan ez dituzten jarduera batzuk berreskuratuko dituzte.
Lehenengo asteburua “gazteentzako erakargarriagoa” izan daitekeela nabarmendu du, “parranda gaur eta bihar dagoelako”. Datorren asteburua, berriz, garrantzitsuagoa da Antiguotarrak dantza taldearentzat, tartean, Dantza Eguna dagoelako. Gaur egun, 120 dantzari inguru ditu Antiguotarrak dantza taldeak.
Asteburu honetan, ez dira faltatuko dagoeneko ohitura bihurtu den Street Boulder txapelketa, Ez Don/k Hamahiru Antiguon Hamalau ekitaldia, herri afaria, bazkari solidarioa edo futbito txapelketa, besteak beste. Gainera, kontzertuei dagokienez, gaur gauean, Zilibito Records taldea izango da, eta ondoren, Emaion erromeria eta DJ-ak. Bihar ere DJ gaua izango dute Antiguan.
Igandetik aurrera, atseden hartuko dute, eta ostegunean (hilak 18) berrartuko dute egitaraua. “Aurten, Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna berreskuratu dugu, lehengo urtean ezin izan genituelako ekarri data kontuengatik”, zehaztu du Perezek. Hain zuzen ere, Porrotx eta Marimotots izango dira auzoko frontoian ostegunean, Ostirala iritsi da! ikuskizunarekin.
Dantza Eguna eta San Joan bezpera
Bigarren asteburua girotzen hasteko, hilaren 20an XXXII. Antiguotarrak Pala Txapelketa egingo dute, eta ondoren, bertso afaria izango da Txirain elkartean, Ane Labaka, Miren Artetxe eta Onintza Enbeita bertsolariekin.
Larunbatean ospatuko dute Dantza Eguna, eta 11:45ean dantza taldeak kalejira egingo du Matia kalean zehar. 13:00etan, emanaldia egingo dute frontoian. “Aurreko urtean, jubilatuak gurekin dantzatzen hasi ziren, eta aurten, jarraitu egingo dute”, azaldu du Perezek.
Arratsaldean, dantzek jarraipena izango dute, emanaldi ikusgarri batekin: “Tio Teronen Semeak dantza taldea etorriko da, eta ez da lehen aldia izango, duela hiru edo lau urte ere izan genituelako”. Oraingoan, Haurreskolari ikuskizuna eskainiko dute, Antiguako frontoian, 18:00etan. Gainera, eguna girotzeko, sardina jatea eta taberna izango dituzte egun osoan zehar, Mikel Laboa plazan.
Hilaren 23an, San Joan bezpera ospatuz emango diete amaiera Antiguako jaiei. 19:00etan, buruhandiak izango dira Loretope konpartsaren eskutik. 22:00etan, San Joan sua piztuko dute Gaskonia plazan, eta konjurua, soka dantza herrikoia eta lore sortaren banaketa egingo dituzte. Azkenik, erromeriaz eta zezensuzkoaz gozatzeko aukera izango dute.
Tio Teronen Semeak dantza taldeak ‘Haurreskolari’ ikuskizuna eskainiko du Antiguako frontoian, hilaren 21ean, 18:00etan
Abesti berriaren aurkezpena
Kalakan taldeko Thierry Biscary abeslariak kantu berri bat sortu du aurten Antiguotarrak dantza taldearentzat: Antiguotarrak gera. “Oraindik 23koa pixka bat ixteko daukagu, baina abesti horrekin sortutako dantza 21ean aurkeztuko dugu, Dantza Egunean. Ondo ateratzen bada, 23an berriro dantzatuko dugu, eta asmoa da, hemendik aurrera, abesti hori abestea eta dantzatzea sanjoanetan”, jakinarazi du Perezek.
Jaietarako gogoz daude auzoan, eta egitarauari hasiera emateko, 19:00etan hasiko da gaur Street Boulder txapelketa, Mikel Laboa plazan. Izen emateak bertan egin beharko dira, 18:00etatik 19:00etara. Hortik aurrera, aspertzeko aukerarik ez dute izango bi asteburuz.