Apokalipsia desertuan

SIRÂT
Zuzendaria: Oliver Laxe · Urtea: 2025 · Herrialdea: Espainia
Genero jakin batean sailkatzea oso zaila den filma ondu du Oliver Laxek. Thriller itxura izan dezake, baina ez da. Ezta drama konbentzional bat ere. Zinemagintza garaikidearen ildo aske eta iradokitzaileenaren kume, publiko orokorrarentzat egindako mainstream lanetatik urrundu nahi du zinemagile galiziarrak oraingoan ere, bere aurreko lanetan —Mimosas (2016), O que arde (2019)— egin moduan.
Bi zatitan banatutako bidaia agoniakoa proposatu digu Laxek Cannesko Zinema Jaialdian Epaimahaiaren Saria irabazi duen Sirât-en. Marokon ospatu ohi duten rave erraldoi horietako batean murgilduko gaitu lehenik, non, munduaz ahaztuta, tekno musikaren erritmo konstante eta amaigabeari men egiten dioten arimak elkartuko diren. Gerrez, gizatasun ezaz, errutinez, gizarte alienazioaz, loturez, injustiziez at, bizitza bera erdigunean jarriz, jaion erritu izaera defendatzen duen komunitatea aurkeztuko digu. Eta bertan, bat-batean, gizon bat (Sergi Lopez) agertuko da semearekin (Bruno Nuñez), Mar alaba eta arrebaren bila dabiltzanak. Hilabete da desagertu dela, egunsentirik gabeko festa horietako batean.
Gaspar Noe zuzendari argentinar-frantziarraren zinemagintza sentsorialaren —Climax (2018) Lux Æterna (2019), Vortex (2021)— eta Albert Serra kataluniarraren narratiba erradikalaren —Liberté (2021), Pacifiction (2022), Tardes de soledad (2024)— erdibidean koka daiteke lehen parte hau, baina berehala hartuko du bestelako norabide bat Sirât-ek. Musika itzali egingo da, eta naturak, gordin, beteko du utzitako zuloa. Desertuan barrena, John Ford western egilearen zalditeria motorizatu egingo da —bai, egin izan du George Millerrek Mad Max (1979) distopikoan lehenago ere—, eta furgoneta karabana azken festa baterantz abiatuko dira aita-semeak ravero talde bat jarraituz. Laxeren diligentzian, ordea, ez dago politikari, sheriff, bankari, herritar xume eta bestelakoen arteko banaketarik. Denak daude maila berean, denak ere, zentzu batean edo bestean, marjinatuak, mutilatuak, disidenteak; ez dute kasualitatez, asfaltozko errepidea alboratuko hondar bideetan basamortu itoan zoriaren menpe gelditzeko.
Pobrezia, miseria, tragedia, gatazka geopolitikoa… aita-semeen eta ravero–en begiradatik hautemango ditugu, nolabait, Francis Ford Coppolak Apocalypse Now (1979) filmean deskribatutako Vietnameko infernuan galdutako soldadu estatubatuarren bidez egin genuen bezala. Bidaia, baina, ez da horrenbeste geografikoa edo fisikoa (Vietnam/Marokoko desertua), ezta filosofikoa ere —egitura narratiboari erreparatuz, 2001: A Space Odyssey (Stanley Kubick, 1968) ere izan dezake gertu Sirât-ek—, baizik eta psikologikoa, morala eta soziala. Ezerezera doaz, inork ikusi eta ezagutzen ez duen Mar aurkitu xedez. Itsasoa (gure hizkuntzan) askatasunaren, gizatasunaren eta ordenaren metafora unibertsala da artean, eta bizitzan.
Bada, Laxek ilusio etsitu baten aurrean jarriko ditu bere pertsonaiak, eta ekina, motibazioa, aitzakia baino ez da izango haientzat. Macguffin-a, alegia. Egungo krisi humanitarioaz ari zaigu zinemagile galiziarra hizketan, geltokirik aurkitzen duen trenak irudikatutako ziurgabetasuna lema duen etorkizunaz. Eta politikoa da haren dogma, inoiz baino gehiago. Erreakzionarioa.