«Gazteriaren interes artistiko eta kulturalak elkartzen dituen gunea da FesTBal»
FesTBal ‘25 ekitaldia antolatu du Telmo Balentziaga de Leizaolak (Antigua, 2002): tatuajeak, musika, erakusketa artistikoak… orotariko proiektu eta artistak bilduko dira larunbatean Ametzagainan. Donostian bere intereseko gaiak elkartzen zituen espaziorik aurkitu ez, eta bere egitasmo propioa sortu du gazte ekintzaileak.

Zertan datza FesTBal?
Gazteriaren interes artistiko eta kulturalak elkartzen dituen gunea da FesTBal. Ametzagainan kokatuta dagoen Uba Hostel establezimenduan egingo dugu bihar, 16:00etatik 23:00etara, eta lau espazio nagusitan banatuko da: arropa marken gunea, tatuajeena, proiektu artistikoen erakusketena eta kontzertuena.
Hala, zortzi arropa markek produktuak jarriko dituzte salgai: TB, 468, Kontrol 23, Palm Studio, Gorka Alvarez, Donostia Vintage, Botelli Hardwear eta Askenabil. Tatuajeak zuzenean egiten arituko diren artistak Sauze, Rskinho, Tatu.hada, Orban Tatoo eta Empi Tatoo izango dira, eta, horrez gain, erakusketen gunean proiektu pertsonal artistikoak erakutsiko dituzte Nano Errok, Marin Burukominek, Xabier Esnalek, Sauzek eta 468 markak. Eguna girotzeko, kontzertuak eskainiko dituzte Fresko Nortek, Mr. Lukenek, Yeikik, J13k, eta Ttakak, eta DJ gisa ere arituko dira Ax-e eta Thahoesis. Kontzertua emateaz gain, Ttaka artistak zuzeneko ilustrazio ikuskizuna era egingo du. Bestalde, nik neuk nire marka pertsonala den TBren arropa desfilea ere antolatu dut, non urtean zehar egindako lanak aurkezteko ditudan.
Zenbait arte diziplina elkartzeaz gain, uste dut ekitaldiaren giroa dela interesgarria, batik bat, gazteentzat. Ez ditut antzerako ekimen asko ezagutzen, baina niretzat ekitaldi honen giroa besteekiko desberdina da: pertsona bakarrak sortu du, eta ez etekinak nahi dituen enpresa handi batek. Parte hartuko duten artistekin eta ekitaldia antolatzen lagundu didatenekin harremana oso lasaia eta naturala izan da, eta esango nuke hori kanpora begira islatzea lortu duela ekitaldiak.
Autogestionatutako ekitaldia da. Nahita hartu duzu erabaki hori?
Autogestionatutako ekitaldia da, batetik, proiektua gauzatzea posible zela ikusi nuelako, eta, bestetik, erabakiak nik hartu nahi nituelako. Prest nengoen egitasmoa egiteko lekua jartzen zuenak (kasu honetan, Uba Hostelek) eskatutako baldintzak betetzeko, baina haiek «nahi nuena» egiteko aukera eman zidaten. Banekien FesTBal antolatzeak ez zuela sekulako inbertsioa eskatuko, eta, baliabideak izan banituenez, ez nuen horren zaila ikusi kanpo finantzaketarik gabe ekitaldia aurrera eramatea.
Gainera, argi neukan ez nuela ibili nahi artistei esaten zer egin behar zuten eta zer ez. Ez dut uste inor naizenik beste edonori gauzak nola egin esateko. Nik antolatutako ekitaldia da, bai, baina jendearentzat prestatutako zerbait da, eta horregatik konfiantza osoa jarri dut artistengan.
Nik, ekitaldiko antolatzaile gisa, behar dituzten baliabideak eman dizkiet, baina askatasunez egingo du bakoitzak bere lana. Iruditzen zait antolamendu mota horrek giro hobea sortuko duela, bai publikoarentzat, bai artistentzat.
«Niri tatuajeak gustatzen zaizkit, koadroak, musika… zergatik ez denak leku berean bildu?»
Nondik dator FesTBal ’25 antolatzeko ideia?
Aurreko udan bururatu zitzaidan, lagunekin bidaia egiten ari nintzela. Hurrengo urtean zer egin behar nuen galdetu zidaten, ea proiekturen bat garatzeko asmoa ote nuen ala zer, eta han pentsatu nuen lehen aldiz ideia hau. Izan ere, banekien antzerako ekitaldiak egin izan direla, besteak beste, Bilbon, baina Donostian ez nuen inoiz halakorik ikusi. Niri tatuajeak gustatzen zaizkit, koadroak, musika… zergatik ez denak leku berean bildu?
Konturatu nintzen hainbat artista ezagutzen ditudala, haien proiektua ezagutarazteko aukera gutxi izan dituztenak. Hemen inguruan ez dira kontzertuak doan emateko aukera asko izaten, eta leku gutxitan erakuts daitezke, doan, proiektu artistikoak edota arropa-marken produktuak. FesTBalen aukera hori eskaini nahi izan diet.
Badaude aukerak Donostian gazte ekintzaile izateko?
Zaila da Donostian ekintzaile izatea, batik bat, informazioa falta delako. Askotan, ez dakigu nora jo galderak ditugunean. Aurten, nire burua profesionalizatu nahian, autonomo izatea erabaki nuen, eta asko kostatu zitzaidan informazioa bilatzea, ez bainekien gauzak ondo egiten ari nintzen ala ez. Hau da, aholkularitza falta dela esango nuke.
Donostiako Udalak EKINN+ programa du, baina, hara joan, eta konturatu nintzen ez zidala askorik lagunduko. Proiektua jada garatuta dutenentzako lagungarria izan daiteke, baina nire kasuan, hasi berritan, nik bakarrik pauso gehiago ematea eskatzen zidan. Horregatik, faltan sumatzen dut jendeari aukera gehiago ematea, izan kontzertu bat emateko, izan eszenatoki batean dantza egiteko edota koadro bat margotzeko. Garrantzitsua da jendearengan jakin-mina sustatzea, gauza berriak egiteko nahia izan dezaten. Aukerak eman behar dira zerbait gustatzen zaizun ala ez jakiteko. Bestela, konplikaziorik gabe ondo bizi bagara, zertarako pasako ditugu orduak lanean etekinik emango ez digun zerbait prestatzen? Horrez gain, jendeak gauzak sortze hutsagatik sortzea gustatuko litzaidake, inongo irabazi edo saririk izan gabe. Hori ere ederra da.
Datorren urtean egingo al da FesTBal ’26?
Lehenik, aurten nola ateratzen den ikusiko dugu, baina sekulakoa litzateke urtero egitea. Edizio honen helburua jendeak disfrutatzea da, eta, hala bada, zergatik ez errepikatu?