«Guk dugun gauza on bat da herriak ez gaituela abandonatu»
Zaporeak proiektuak zortzigarren Koxk! ekimena egingo du Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan, igandean. Azoka 11:00etan hasiko da, eta Lesboseko errefuxiatuen kanpamendurako dirua biltzen ariko dira, pintxoak eta edariak eskainiz.

Nolako bilakaera izan du Koxk! jaialdiak zortzi urte hauetan?
Oraitz Garcia (O.G.): Ideia zoro batekin hasi zen, nolabaiteko kilometro gastronomiko bat egitekotan, eta azkenean, goiz bateko festa bihurtu dugu, plaza batean bilduta eta goxoago. Hasieratik, oso argi geneukan Intxaurrondon egingo genuela, hor sortu zelako proiektua eta auzoari eskertza itzultzeko modua delako. Urtetik urtera, urratsez urrats egonkortzen joan den gauza bat da, eta nahiko finkatuta dagoena.
50 postu egongo dira bertan, eta 10.000 pintxo. Zein jaki topatuko ditugu?
O.G.: Denetik. Txahal bat erretzen dugu Hazi fundazioari esker, eta urteroko ezinbesteko zita izaten da. Horrez gain, denetik egongo da; Lumagorri oilaskoa, Amara, Bergara eta Desyren moduko tabernak egongo dira, Aratz erretegia ere tartean ibiliko da, eta azkenean, mila gauza egongo dira. Egia esan, zorte handia izaten dugu jende askoren laguntza daukagulako, eta jendeak hamaiketako eta bazkari eder bat egiteko aukera izango du bertan.
Nolakoa da Lesboseko egoera une honetan?
Peio Garcia (P.G.): Duela hamar urteko egoera berdinak jarraitzen du. Errefuxiatuak aldatu dira pixka bat, orain Palestinako jende gehiago dagoelako Siriakoa baino. Hala ere, bertara sartzen jarraitzen dute, eta duela bi aste, adibidez, soilik umez betetako patera bat sartu zen, 8-15 urte bitartekoak. Gainera, patera zeramana 15 urteko haur bat zen, zaharrena. Egoera ez da aldatu, pixka bat aldatu dena gure kozinatzeko modua izan da. Urteetako esperientzia dugu orain, eta batez ere, instalazio berriak. Fagorrek instalazio berria eman zigun dohaintzan, eta horrek lagundu du gaur egun kozinatzea errazagoa izaten, nahiz eta inoiz ez den erraza 2.500 edo 3.000 otordu ematea.
Hain zuzen ere, errefuxiatu kopuru hori dago bertan, eta gehienak umeak dira. Ezta?
P.G.: Bai, bueno, %70 haurrak eta emakumeak dira, haurdun dauden edo konpainiarik ez duten emakumeak. Gainerakoak, pertsona helduak dira, gazteek ihes egiteko aukera bilatzen dutelako edo bestela, gerran daudelako. Sartzen direnak ihes egiten saiatzen dira, errazagoa zaielako. Atenasera igotzen dituztenean egin dezakete ihes, baina ez badituzte igotzen eta uhartean jarraitzen badute, ezin dute ezer egin; kartzela bat da, aire zabalean dagoena, baina kartzela bat. Instalazioak ikusteko modukoak dira, Poliziak sekulako egitura du muntatuta errefuxiatuak bertatik metro bat ere ez mugitzeko. Bainua hartzen ere ez diete uzten, hondartza bertan egonda ere, ihes egiteko arriskua dagoela uste dutelako. Lotsagarria eta surrealista da.
Zein da Zaporeak-en egunerokoa Lesbosen?
P.G.: Goizeko lehen orduan, 07:00etan normalean, sukaldera joaten gara. Denok bertan gosaltzen dugu, eta ondoren, lanean hasten gara. Arduradunak esaten du zein menu dagoen, zer egin behar den, eta jendea sukaldean zehar banatzen da kozinatu ahal izateko osagaiak prestatzeko. Ondoren, kozinatzen hasten gara. Bestalde, lehen hemengo ogia ematen genien, baina errefuxiatu batzuek ez zuten hartzen, eta horrek asko harritzen gintuen. Izan ere, beraiek pita ogia jatera ohituta daude, eta guk sukalde barruan okindegi bat muntatu genuen ogi hori egin ahal izateko. Gaur egun, 2.500 pita ogi egiten ditugu bertan egunero.
«Gobernuz Kanpoko Erakunde gehienak Lesbosetik joaten ari dira, laguntzarik ez dagoelako»
Peio Garcia, Zaporeak-eko kidea
Zuetaz gain, laguntza humanitario gehiago badago han?
P.G.: Gero eta gutxiago. Gobernuz Kanpoko Erakunde gehienak bertatik joaten ari dira; duela gutxi, Mugarik Gabeko Medikuak GKE-a joan zen Lesbosetik. Laguntzarik ez dagoelako ari dira alde egiten eta, zentzu horretan, esparruak ez duelako erakargarritasunik. Beraz, jana ematen dien laguntza humanitario bakarra gurea da, eta hori ez dugu inon ikusi, egia esan. Imajinatzen dut adore pixka bat eduki behar dela Lesbosera kozinatzera joateko.
Dagoeneko ez da Lesboseko egoeraren berri asko ematen komunikabideetan. Abandonatuta sentitzen zarete ildo horretan?
P.G.: Abandonatuta baino gehiago, uste dut gaur egun badaudela beste gerra batzuk hau baino askoz indartsuagoak direnak. Prentsa beti albistea dagoen lekura joaten da, eta dagoeneko Siria ia albiste ez denez, ahaztuta moduan dago. Baina guk dugun gauza on bat da herriak ez gaituela abandonatu eta ez dela gutaz ahaztu. Herria laguntzen ari zaigu, eta horregatik jarraitzen dugu bertan, bestela, ezingo genukeelako.
Hala ere, errefuxiatuek jarraitzen dute Lesbosera iristen. Zenbat dira urtean?
P.G.: Urtean zenbat diren ez dakit, baina aste batzuetan patera bat edo bi sartzen dira, 70 edo 80 lagunekin barruan. Eta horiek iristen direnak dira, Mediterraneoan bat baino gehiago geratzen direlako. Mafiosoek patera gasolinarekin Turkian jartzen diete, Lesbosetik bost kilometrotara, eta beraiek hiru Polizia pasatu behar dituzte: turkiarra, greziarra eta Europako mugakoa. Imajinatu zein zaila den hiru horiek saihestea. Azkenean, gasolinarik gabe geratzen dira, edozein lekutan agertzen dira eta eromena izaten da.
Aipatu duzu jendea oso solidarioa dela Zaporeak-ekin.
P.G.: Bai, hori da egia. Nik beti esaten dut gu auto baten modukoak garela: herriak sartzen digu gasolina, eta guk aurrera jarraitzen dugu, gelditu gabe. Beraz, egia da herria dela laguntzen ari zaiguna, eta aitortu behar da Euskal Herria oso solidarioa dela.