Hirugarren greba eguna egin dute egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek

Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek hirugarren greba eguna burutu dute gaur. Grebalariak Gipuzkoako Plazatik irten dira eta bertan amaitu dute manifestazioa. Sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatu dute, eta Foru Aldundiari, %90ean zerbitzuaren finantzatzaile den aldetik, langileek eta zerbitzuak dituen “gabeziak” onartu eta “konponbidea jartzeko” exijitu diete.
Ekainaren 20an, ELA Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñarekin batzartuko da eta egun berean, Batzar Nagusietako Zainketa eta Gizarte Politiketako batzordean parte hartuko du, sektorea bizitzen ari den egoera azaldu eta konponbideak eskatzeko.
Urtarrilean hasi zen hitzarmenaren negoziazioa eta apirilaren 7an izan zen azken bilera. ELAk salatu duenez, patronalek ez dute langileek egindako aldarrikapen bat bera ere kontuan hartu, eta “ez dago negoziazio erreal baterako borondaterik”. Sektorean zabaltzen ari den prekarietatea “kezkagarria” dela nabarmendu dute, eta horrek “eragin zuzena” daukala zerbitzuan.
Besteak beste, langileen %40ak kontratu partzialak ditu, lan kargek gora egin dute eta soldata arrakala pairatzen dute, jakinarazi dutenez. “Zaintza sistema indartu nahi bada, nahitaez lan baldintza prekarioak ezabatu eta langile guztientzat izango den lan hitzarmen batetik hasi behar da”, aldarrikatu dute langileek.
Ekainak 20an instituzioetan ELAk dituen batzar horiek “konponbiderako baliagarri” izatea espero dutela adierazi dute. Horrela ezean, uztailak 9, 10 eta 11rako deituta dauzkaten grebekin jarraituko dute.