Kontzertu sorta zabal bat prestatu du Gaztea irratiak Tabakaleran, Musikaren Eguna ospatzeko

Europako Musikaren Egunaren harira, Gaztea irratiak hamar ordutik gorako kontzertu sorta antolatu du hilaren 22an Tabakaleran. Sarrera doakoa izango da, kontzertuez gain, irratsaioak, solasaldiak eta hainbat sorpresa egongo direla aurreratu dute.
Honako artistak zuzenean ikusteko aukera izango da egun horretan: Alta, Bengo, Dupla, Euskoprincess, EZEZEZ, Ezpalak, Gorka Urbizu, Hofe, Idoia, Izaro, Janus Lester, Kiliki, Lamia Mari, La Txama, maKeda, Malko, Maskak, Merina Gris, Mikosis, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Sukena, TOC, Txopet, Zea Mays eta Zilibito Records.
Talde bakoitzak 30 minutuko kontzertua eskainiko du, eta guztiak Tabakalerako espazio desberdinetan ikusi ahal izango dira. Gazteak laster jarriko ditu sarrerak eskuragarri, eta jakinarazi dutenez, kontzertuen ordutegiak ere laster partekatuko dituzte. Egun osoko programazioa izango da, eta sarrerak zortzi bloketan banatuko dituzte, aukeren arabera.
Aretoen edukiera mugatua izango da, eta streaming bidez ere ikusi ahal izango dira kontzertuak.