Mikel Anterok kresalaz jantzitako Donostia irudikatu du Aste Nagusiko kartelean

Sagueseko kontzertuez gain, aurtengo Aste Nagusiko kartela aurkeztu dute udaletxean. Mikel Antero arte-zuzendari eta errealizadore donostiarrak sortu du, eta hiriaren itsas sustraiari egiten dio keinu.
Kartelean Donostiako kolore urdina nagusitzen da, gauaren aurreko ilunabar beroekin. Itsasoa, olatua, badia eta kresala da ditu protagonista, eta S formako (San Sebastian) olatu handi bat irudikatzen du. Horrez gain, erdian, haur bat ageri da bere aitaren besoetan, olatu batek sortutako D batean (Donostia). Kartelak eguna eta gaua konbinatzen ditu, eta Santa Klara uhartean apurtzen eta zerura altxatzen diren itsasoko olatuak ere bai, su artifizial bilakatzeko.
Anterok prentsaurrekoan azaldu duenez, berarentzat “sekulako ohorea” da kartelaren egilea izatea, eta azken diseinu honetaraino iristeko, kontzeptu asko landu zituela adierazi du. “Hasiera batean, betiko ikonografia erabiltzen hasi nintzen, eta aukera batzuk aurkeztu ondoren, konturatu nintzen Aste Nagusiko osagai garrantzitsuena donostiarrak direla. Donostia nondik hasten den, zein den bere sustraia, itsasoa, badia… Eta itsasotik zeruraino, dena batzen duten elementu guztiak. Familiak, itsasoa, badiatik zeruraino doan suziri hori… kontzeptualki hori izan da irudikatu nahi dudana”, jakinarazi du artistak.
Gehitu duenez, “Donostia itsasotik hasten da baina hiritarretan amaitzen da”, eta ikonografia hori egiteko ilustraziotik aldentzen saiatu da, “diseinura joateko”. “Bozetoa errealitate bihurtu nuenean, konturatu nintzen Gustav Klimt-en moduko artisten eragina ikus daitekeela, geometria lantzen dutenak ikonografia eta ilustrazioa konbinatuz. Horrez gain, koloreak ere neurrian erabili nahi izan ditut, kalean kartela ikusten duenak ondo uler dezan eta konplikazio horren barruan, gelditu eta Donostia eta donostiarrak errekonozitzeko aukera izan dezan”, nabarmendu du Anterok.