'Sexilioa'-ri buruzko 'Xerka' hitzaldia eta argazki erakusketa, Altzan

Euskal Herriko landa eremuko bost pertsona queer-en bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu Xerka fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBI komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du.
Horren harian, Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek hitzaldia emango dute hilaren 19an, Altzako Casares-Tomasene Kultur Etxean, 19:00etan. Eurekin batera, Olga Alarconek ere bere lekukotza eskainiko du. Solasaldiaren ondoren, argazki erakusketa ikusgai egongo da kultur etxean.
Hitzaldian, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi esperientziak ezagutaraziko dituzte. Egitasmoak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu orientazioa edo genero identitatea dela eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBI pertsonen migrazio behartuari.
Xerka Martxel Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza proiektua da, urtebete beranduago komunikazioko GRALen III. BERRIA sariketan saritu zutena. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek, gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren inguruan.