Urtetik urtera indartsuago, hemen dira Buenavistako jaiak
Gaur botako dute txupinazoa, eta, igandera bitarte, jai giroan murgilduta egongo dira Altzako Buenavista auzunean. Jai gazteak dira, baina, pixkanaka, auzotarren artean errotzen ari dira.

Larratxoko jaiak astelehenean bukatu ziren, baina jai giroa ez da asko urrunduko Altzatik egunotan: atzo bota zuten txupinazoa Herreran eta gaur botako dute Buenavistan, asteburu osoko jaiei hasiera emateko. Egitarau osoa hemen daukazue kontsultagarri.
Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, «bereziki, gazteentzako eguna» izango da gaurkoa: «Haurrentzako jarduera asko ditugu jaietan, baina nerabeentzako gauzak ere antolatu ditugu, bereziki, ostiralekoak. Pixkanaka, auzoko belaunaldi horrengana gerturatu nahi dugu». Hain zuzen ere, Osto DJ-ak girotuko du txupinazoa, bingo musikatua egingo dute jarraian eta, herri afariaren ostean, Osto DJ-a itzuliko da oholtzara, baina Zuha ZF DJ-ekin oraingoan.
Larunbata, haurrentzako eguna
Larunbata da Buenavistako jaietako egun handia, jai batzordeko kideen arabera, «haurrentzako eguna»: «Goizean jolasak, arratsaldean apar festa, txokolate jana, Mikeltxi DJ-aren haurrentzako disko festa… Era berean, parrillan egindako txorizoa eta hirugiharra eskainiko ditugu aurten».
Igandean, jaiak borobiltzeko, haurrentzako jarduera batzuk antolatu dituzte goizean, eta herri bazkari arrakastatsua egingo dute eguerdian: «Adin askotako auzotarrak elkartzen gara bazkarian, eta oso giro polita egoten da», nabarmendu dute jai batzordekoek. Arratsaldean, bingoarekin, mus txapelketarekin eta Casares Kultur Etxearen laguntzarekin antolatutako Marietak Zirkus (Zirika Zirkus) ikuskizunarekin bukatuko dituzte festak.
Jai gazteak dira Buenavistakoak, baina zailtasun guztien gainetik, urtez urte, jaiak indartzen ahalegintzen dira
Gero eta indartsuago
Jai gazteak dira Buenavistakoak, hogei urteko etenaldiaren ostean, 2023an berreskuratu baitzituzten. Horrela, zailtasunen gainetik, urtez urte jaiak indartzen ahalegintzen dira jai batzordeko kideak: «Urtero berritasunen bat sartzen saiatzen gara, jarduera gehiago antolatzen. Aurten, esaterako, zezensuzkoa bi egunetan antolatzea lortu dugu, orain arte ostiralean soilik ateratzen baitzen».
Ildo horretatik, jai batzordean modu aktiboan «gutxi batzuk» badabiltza ere, kideek nabarmendu dute jaietan «auzotar asko» inplikatzen direla: «Txosnan egoteko, jardueren koordinazioan, behar denean laguntzen… Oso garrantzitsua da auzotar guztien parte hartzea». Horrela, argi dute bide horretatik jarraitu nahi dutela: «Helburua da horrela jarraitzea, gero eta jende gehiagok parte hartzea eta jai ahalik eta indartsuenak sustatzea».
Jai gazteak izanik ere, antolatzaileek diotenez, auzoan errotzen hasiak dira, eta, hain zuzen ere, auzotarrak jaiak hasteko irrikaz ikusten dituzte: «Haurrak daude gogoz, bereziki; azken finean, asteburu desberdin bat da, etxe azpian!». Kezka bakarra dute buruan, hiri honetako edozein jai batzordek edukitzen duena bere jaiak hastear direnean: «Orain, betikoa, ea zer eguraldi daukagun!».