Desazkunde turistikoa aldarrikatu dute hamarnaka herritarrek, «bertan bizi ahal izateko»

Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak deituta, hamarnaka herritar manifestatu dira Donostian igande eguerdian, turistifikazioaren aurka, Bertan bizi nahi dugu! Stop turistificación! lelopean. Euripean, 12:00etan abiatu da mobilizazioa, Kontxako erlojuetatik, eta Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleetan barrena ibili ostean, Sarriegi plazan amaitu dute. Europako hegoaldeko turistifikazioaren aurkako SET sarearekin koordinatuta egin dute manifestazioa, Europako hegoaldeko beste hainbat hiritan ere kalera atera baitira gaur, turistifikazioaren aurka.
Hiriko 50 bat eragilek bat egin dute mobilizazioarekin, eta ibilbide osoan zehar askotariko oihuak entzun dira: etxebizitzaren negozioaren, espekulazioaren, turismo hazkunde etengabearen eta Altzako Auditz Akular eremuko hirigintza garapenaren aurkakoak, besteak beste.
“Eredu hau jasanezina da”
Leire Palacios kazetaria eta Jone Laspiur aktore eta abeslaria izan dira manifestazioaren amaierako irakurketa egiteko arduradunak, eta Donostiako eredu turistikoa “jasanezina” dela salatu dute: “Turismoaren industria kontrolik gabe hazten ari da, eta gure hiria gero eta bizi-ezinago bihurtzen du. Donostian, azken urteetan, turistifikazioa izugarri azkartu da. Ondorioz, gure eguneroko bizitza, etxebizitza, ingurunea eta kultura kolokan daude”.

Bizilagunekin plataformak deituta, turistifikazioaren aurka mobilizatu dira hamarnaka herritar Donostian.Joseba Parron San Sebastian.
Ildo horretatik, turistifikazioak etxebizitza larrialdia “areagotu” duela nabarmendu dute: “Jende askok bere auzoa utzi behar izan du. Administrazioek ez dute herritarren alde jokatu; pisu turistikoen jarduera baimendu dute, hotel berrientzat 50 lizentzia eman dituzte hamar urtean, ez dute mugatzen denboraldiko alokairua, ez dituzte zigortzen bigarren etxebizitzak eta eraikuntza berriak bultzatzen dituzte, baina babes publikoko etxebizitza gutxiegirekin. Etxebizitza ez da merkantzia izan behar, eskubide bat baizik”.
Turismoaren industriak ingurumenean duen eragina ere salatu dute: “Mendiak, hondartzak eta naturaguneak arriskuan daude. Aire trafikoaren hazkundea eta garraio kutsakorrak mugatu egin behar dira; eta turismoarentzako azpiegitura berriak egiteari utzi”.
Turistifikazioak hirietan duen eragin txarrean ere jarri dute fokua: “Kale eta plazak kontsumorako eszenatoki bihurtzen dira. Tokiko merkataritza desagertzen doa, frankizien mesedetan. Espazio publikoa jolasteko, atseden hartzeko edo harremanak izateko behar dugu”. Ildo beretik,”euskarari balio sinbolikoa soilik aitortzen zaio eta kultura ikuskizun huts bihurtzen da. Hiria merkatu globalera egokitzen da, bertako izaera galduz. Gure bizimodua ez da produktua: komunitate bizia gara”, gaineratu dute.

Lucia Baskaran idazlea, manifestazioaren amaieran ‘Bidaiatzearen kontra edo bahitu digute benezia’ poema irakurtzen.Joseba Parron San Sebastian.
Horrekin batera, gogorarazi dute turistifikatutako hirian “areagotu” egin direla “bazterkeria eta desoreka ekonomikoak”: Lanpostu turistikoak prekarioak dira, eta kolektibo ahulenek jasaten dute gehien: emakumeek, migratuek eta gazteek. Hiri turistiko ‘ederrean’ pobrezia ezkutatu eta kanporatu nahi da. Hiria luxuzko resort bihurtzen da, bertakoak kanporatuz. ‘Kalitatezko turismoa’ aitzakia da aberatsen beharrei lehentasuna emateko”.
Horregatik guztiagatik, ezinbestekotzat jo dute desazkunde turistikoaren norabidea hartzea: “Lehentasunak aldatu behar ditugu: zaintza, kultura, nekazaritza, industria, ikerketa, ekonomia komunitarioak… Herritarren bizi baldintzak lehenetsi behar dira. Hiria komunitateak egiten du”. Horrela, herritarrak antolatzera deitu dituzte: “Borroka dezagun gure hirian bizitzeko aukera izateko”.
Bidaiatzeko eredua birpentsatu
Amaierako ekitaldia borobiltzeko, Mejillon Tigre taldearen Bidaiatzearen kontra edo bahitu digute benezia poema irakurri du Lucia Baskaran idazleak, egungo eredu turistikoa salatuz eta turista izateko modua birpentsatzera deituz: “Desagertzen ari zaizkigu leku propioak, eta, trukean, besteen leku propioak ezabatzen ditugu. Pasolinik esan zuen ‘poesia ezin da kontsumitu’, eta nik diot ‘lekuak ere ez’. Lekuak, kontsumituz gero, desagertu egiten dira”. Goiko bideoan entzun dezakezue Mejillon Tigreren poema osorik.



























