Amara Berriko bizilagunek pankartak jarri dituzte trenbidearen estaltzea eskatzeko

Ehun bat auzokide batu ziren larunbat eguerdian Amara Berriko anbulatorio aurrean Amara Berriko Auzo Elkarteak deitutako protestan parte hartzeko. Zehazki, Topoa Estali, Topo solución cubrición leloa zuten hamaika pankarta jarri zituzten Errondo eta Zorroaga pasealekuaren artean. Haiek kenduko dituzten beldurrez, ekintzaren emaitza grabatu zuten.
Bi aste lehenago, 300 bat lagunek parte hartu zuten elkarteak deitutako manifestazioarekin. Aspaldiko eskaria berriro kaleratzen ari dira, metroaren lanak tarteko, urtetako arazoari irtenbidea emateko unea orain dela uste baitute.
Bestalde, joan den astean, bizilagunen eskaerari heldu zion EH Bilduk, topoaren trenbidea estaltzeko eskatuz eta zentzu horretan egingo dituzten urratsen berri emanez. Besteak beste, gaurko udal batzordeetara eramango dute gaia interpelazio baten bidez eta mozio arrunt bat aurkeztuko dute ekaineko udalbatzan “estalkiaren aldeko jarrera irmoa agertzeko”. Horrekin batera, udalari, Eusko Jaurlaritzari eta ETSri eskatuko diote topoa estaltzeko irtenbide bat bilatu eta ezartzeko.