Azken egunotan Donostian izandako bi sexu eraso ikertzen ari dira
Ostegunean eta igandean erregistratutako sexu eraso bana ikertzen ari dira Ertzaintza eta Udaltzaingoa. Udal talde guztiek gertakariak gaitzesteko erakunde adierazpena onartu dute.

Bi sexu eraso erregistratu dituzte segurtasun indarrek azken egunotan Donostian. Lehenengoa, ostegunean gertatu zen, eta Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen Donostian, “etxeko indarkeriaren esparruan emakume bati sexu eraso jarraitua egitea egotzita”. Larunbatean, atxilotua epailearen aurretik pasatu zen, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen. Ertzaintzak kasua ikertzen jarraitzen du.
Bigarren sexu erasoa, aldiz, igandean gertatu zen, Amarako etxebizitza batean, Donostiako Udaleko iturriek azaldu dutenez. Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen horrekin lotuta igandean bertan, eta kasua ikertzen ari da.
Hori dela eta, Donostiako Udaleko bost talde politikoek erakunde adierazpen bateratua onartu dute, bi erasoak gaitzetsi eta horiek jasan dituzten emakumeei babesa adierazteko. Horren bidez, besteak beste, udalak Indarkeria Matxistari Erantzuteko Protokoloa aktibatu du, premiazko bilera batera deituz, informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimari eta haren inguruneari eman beharreko arreta koordinatzeko. Era berean, udalak bat egin du “hirian egiten diren gaitzespen deialdiekin”, eta elkarretaratzera deitu du astearterako (hilak 17), 12:00etan, Alderdi Ederren.