«Ordenagailu kuantikoa oso motor ahaltsua izango da lurraldearentzat»
Udazkenean iritsiko da Donostiara IBMren ordenagailu kuantikoa, eta, Diezen ustez, Euskal Herria polo oso garrantzitsua izango da teknologia kuantikoetan.

Software ingeniaria, datu analista, garatzailea, programatzailea… Berrikuntzan egin nahi zuen apustu Mikel Diezek (Bilbo, 1971), eta hala IBMren ikerketa alorrean egin zituen zazpi urte, gero konpainiaren Quantum alorrera jauzi egiteko. Arriskutsua da, kuantikaz asko dakielako, gaiaz dena iruditzen zaiolako interesgarria, eta gaiaz guztia bihurtzen duelako interesgarri entzulearentzat.
Hasiera batean System One ordenagailu bat zetorren Donostiara, baina, azkenean, zuen ordenagailu kuantiko berriena dator. Zertan dira desberdinak?
System One eta System Two ordenagailuen arteko desberdintasun nagusia da bigarrena moduluka eta mailaka handitu daitekeela. System One prozesadore bakarra izateko zegoen diseinatua, eta helburua zen hartan ahalik eta qubit, bit kuantiko gehien edukitzea. Pentsatzekoa zen noizbait System One ordenagailuak elkarri konektatu beharko genituela, eta hala ondorioztatu genuen beste arkitektura bat, beste diseinu bat behar genuela. Donostian, System Two motakoak prozesadore bakarra izango du, baina gerta daiteke gehiago gehitzea.
Ordenagailu kuantikoek ez dituzte ordenagailu klasikoak ordezkatuko, ezta?
Ez, eta arrazoi bat baino gehiago dago horretarako. Batetik, ekonomia digital guztia dagoelako konputazio klasikoan oinarrituta, eta hori eraisteak ez lukeelako zentzurik izango.
Bestetik, Nvidiaren adibidea daukagu. Nvidiak jokoetarako txartel grafikoak GPUak sortu zituen, eta konturatu ziren funtsean matrizeak zirenak bizkortzeko plakekin lor zitekeenaz, eta, bi saltotan, adimen artifiziala jaio zen. Baina GPUek ez dituzte CPUak —prozesadore klasikoak— akabatu, eta QPUekin ere — prozesadore kuantikoak— berdin gertatuko da.
Adimen artifizialaz ari garela, zeintzuk dira ordenagailu kuantikoen energia beharrak?
Adimen artifizialerako datu zentro handien ezarpenerako baldintzetan, argindar beharra bilakatu da inportanteenetako bat. Haiekin alderatuta, ordenagailu kuantikoen energia beharrak askoz txikiagoak dira, eta magnitude ordenaz ari naiz, kilowattak behar dituelako, eta ez megawattak. Ezaugarri interesgarria da, ezta? Energia ikuspegitik jasangarriak izatea.
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.