Pentsio minimoa igotzearen aldeko 145.000 sinadura entregatuta, mobilizazio denboraldia itxi dute pentsiodunek

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) ohiko elkarretaratzea egin du astelehen goizean Bulebarrean, baina gaurkoa berezia izan da, mobilizazio denboraldi honi amaiera eman baitiote. Hain zuzen ere, irailaren 16an itzuliko dira mobilizazioetara, pentsiodunen bizi baldintzak hobetzearen alde.
Gogorarazi dute 145.000 sinaduratik gora bildu dituztela berriki, pentsio minimoa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin berdintzea xede duen Herri Ekimen Legegilearen (HEL) alde. Sinadura horiek entregatuta, HELa izapidetzeko onar dadila eskatzen jarraituko dutela nabarmendu dute.
Ildo beretik, ontzat jo dute Imanol Pradales lehendakaria mugimenduarekin biltzeko prest agertu izana, eta “laster” bileren data zehaztea espero dutela esan dute. Hala ere, gaineratu dute hainbat erakundetan alderdi politikoei jakinarazten jarraituko dutela beharrezkoa dela “sinadurak bildu ondoren, HEL tramitera onartzea Legebiltzarrean, ondoren eztabaidatu eta bozkatzeko”.