Urrezko dominak eskuratu dituzte Lazkanok eta Etxanizek eta brontzezkoa Chorrautek

Paueko Munduko Kopako kayak kros modalitatean hiru domina lortu dituzte Basque Teameko piraguistek, asteburu honetan: urrezkoak Miren Lazkano eta Pau Etxaniz donostiarrek eta brontzezkoa Donostiako Atletikoko Maialen Chorrautek. Kayak kros modalitatea Parisko Olinpiar Jokoetatik sartuta dago programa olinpikoan, eta domina olinpiko bat jokoan duen probetako bat da.
Lazkanoren eta Chorrauten kasuan, sailkatze faseetan bikain lehiatu ostean, biak iritsi ziren finalera, eta Lazkano izan zen onena azken kanporaketa horretan; Chiara Sabattini italiarrak lortu zuen zilarra eta Chourrautek brontzea.
Bestalde, gizonezkoetan, sailkatze faseak ondo gaindituta heldu zen Etxaniz finalera, eta momentu batzuez hirugarren postuan egon arren, kanporaketa irabaztea lortu zuen, urrezko domina lepotik zintzilikatzeko. Matyas Novak txekiarra, Madore eta David Llorente segoviarra atzean utzi zituen donostiarrak.
Eslaloma
Kayak kroseko lehiaketaz gain, Eslalomeko Munduko Kopa ere jokatu dute Pauen asteburuan, kayakean eta kanoan. Lazkano bosgarren izan da kanoan eta Oier Diaz gaztea hamargarren. Kayakean, Maialen Chourraut, Leire Goñi eta Pau Echaniz ezin izan dira finalerako sailkatu, 15, 51 eta 18 postuetan amaitu baitute, hurrenez hurren. Joan den astean, zilarrezko domina lortu zuen Lazkanok La Seu d’Urgelleko denboraldiko lehenengo Munduko Kopan.