Zaporeak elkarteak Koxk! jaialdi solidarioa egin du Intxaurrondon

Zaporeak elkarteak antolatuta, Koxk! jaialdia egin zuten atzo Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan. Guztira, 10.000 pintxo prestatu zituzten 50 postutan saltzeko, eta eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, jendea prest agertu zen ekitaldi solidarioan parte hartzeko. Bildutako ditu guztia Lesboseko errefuxiatuen zelaian janaria banatzeko erabiliko dute.
Zaporeak proiektua 2015ean jarri zen martxan Intxaurrondon, Greziara iristen ari zen Siriako gerrak sortutako pertsona errefuxiatuen uholdeak bultzatuta. Sei hilabetez laguntzeko ideiarekin joan ziren boluntarioak, eta dagoeneko, hamar urte igaro dira. Hamar urte hauetan 10 milioi otordu banatu dituzte, Chiosen, Atenasen eta Lesbosen.
Gaur egun, Lesboseko errefuxiatuen zelaian bertan banatzen diren 3.000 otordu kozinatzen dituzte egunero Zaporeak proiektuaren sukaldean.
Zortzigarren Koxk! jaialdia izan da aurtengoa, eta Zaporeak-ek urtero omentzen ditu bere ibilbidean bidelagun izan dituen pertsonak eta erakundeak Koxk! egitasmoaren egunean. Aurten, Marisol Garmendia zinegotzi ohia; Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua; Juan Carlos Etxeberria, ETBko kazetaria; Luis Etxeberria, Yolanda harategiko jabea; Donostia Sustapena eta Hazi Fundazioa izan dira omenduak.