Zortzi lan eskainiko dituzte 37. Bideoaldian

Ostiralean, hilaren 20an, 37. Bideoaldia egingo dute Antzoki Zaharrean. Ikasturtean zehar Intxaurrondoko Larrotxene Bideo egitasmoak landuriko zortzi lan eskainiko dituzte, 19:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak antzokiko leihatilan bertan jaso behar dira 17:00etatik 19:00etara.
“2024-2025 ikasturtea berezia izan da Larrotxene Bideon. Azken urtean egindako berrikuntza lan handiek sorkuntza proiektuak piztu dituzte: laborategia, soinu eta irudi edizio gela berritua, formaziorako aretoa, eta abar. Ondorioz, ikastaro kopuruak gora egin du aurten, baita material lagapen zerbitzuak ere”, nabarmendu du Donostia Kulturak.
Guztira, sei produkzio eta koprodukzio bat landu dituzte ikasturte honetan. Horrez gain, Donostiako Ekialde Barrutiak laguntzarekin Larrotxene Kultur Etxeak garatutako Intxaurdok Zinema Ekintzaile proiektuaren barruan Intxaurrondoko Lauaizeta ikastolako DBH2ko ikasleek dokumental bat egin dute. Bestalde, ikasturte honetan irakasle lanetan aritu dira Michel Gaztambide, Pablo Malo, Maria Elorza, Maider Oleaga eta Ander Sagardoy.
Ikastaroetako lanak hauek dira:
- El Escondite. Marta H. Susperreguik zuzendutako bost minutuko dokumentala. Maria Elorzak emandako Cinema Collage ikastaroaren baitan sortu da. Ezkutaketa joko errugabea da, baina batzuetan pertsona batzuen alderdi ilunena agerraraz dezake. Benetako gertaeretan oinarrituta.
- Kamarada. Jon Hidalgok zuzendutako zortzi minutuko lana da. Michel Gaztambideren Guión Avanzado ikastaroan sortutako gidoia da. Bertan, bi lagunen arteko elkarrizketa kontatzen da. Lagunak bai, baina sentimenduak eta ahultasunak partekatzerako arazo larriak dituztenak.
- Berandu. Lorea Azpeitiak zuzendutako zazpi minutuko lana. Andoni de Carlosek emandako Gidoigintza Hastapena ikastaroan sortutako gidoia eta Pablo Maloren Dirección de Cine ikastaroan garatutako filma. Bertan Aroa ezagutuko dugu. Ospitale inguruan dabil aparkaleku bila, iritsi nahi eta ezin. Ohartzen denerako, ordea, berandu da.
- Atsedenetxe. Josema Agirrek zuzendutako bost minututako film labur dokumentala, Ander Iriarteren Zinema ekintzailea. Gerrilako ez-fikzioa ikastaroan garaturikoa. Bertan, Intxaurrondoko auzoan aurkitzen den parke baten historia ezagutuko dugu, Atsedenetxe izenekoa, baina 1998. urtean Alice Gulick bihurtu zena.
- Maritxu nora zoaz. Alex Altunak zuzendutako bost minututako filma laburra, Andoni de Carlosek emandako Gidoigintza Hastapena ikastaroan landutakoa. Bertan, bikote baten elkarrizketa bat ikusiko dugu, ohean. Hitzak eta bere esanahi aldakorrak izango dira elkarrizketa horren muin.
- Faustina, Salda Badago. Sergio Rojok zuzendutako hamaika minutuko film laburra. Michel Gaztambidek emandako Guión Avanzado ikastaroan sortutako lana. 1937. urteko maiatzean, euskararen erabilera debekatu zen Donostian. Baina, emakume batzuek desobeditu zuten, eta larrutik ordaindu zuten. Honakoa, emakume horietako baten istorioa da.
Koprodukzio lana, berriz, hauxe da:
- Olentzerori eskatu nion. Amaia San Sebastianek zuzendutako zortzi minututako film laburra. Gauero hotel desberdin bat. Azken larru jotzea eta bere maitalearen begi hutsetara azken begirada. Emakume bat ihesean, gauero elkarrizketa berdina, denbora milimetratuan. Nazkatu zen egunean eduki zuten azken elkarrizketa.
Azkenik, Ekialdeko Barrutiak, Larrotxene Kutur Etxeak eta Lauaizeta ikastolak sustatutako film labur dokumentala hau da:
- Siluetak. Hamar minututako film labur dokumental honetan, Lauaizeta ikastolako DBH2ko hainbat ikasle ezagutuko ditugu. Ikasleek Intxaurrondo auzoa esploratuko dute, auzoaren historia eta memoria berraurkitzeko helburuarekin. Agustin Ibarrolaren eskultura, euren hausnarketarako ardatz bilakatuko da.
‘Hitz eta Pitch’
Ikasturteari behin betiko itxiera emateko, hilaren 27an, Hitz eta Pitch ekitaldia egingo dute Intxaurrondo Kultur Etxean. Pitching saio honetan, Larrotxene Bideoko lagunek, ikasleek eta irakasleek euren etorkizuneko egitasmoak aurkeztuko dituzte, lankidetzen bila. Saio honetan parte hartzeko mezu bat idatzi behar da posta elektroniko honetara: larrotxene_bideo@donostia.eus.