'Argi gorriak' telesaila grabatzen ari da Alberto Gastesi

Hainbat film labur eta bi film luze zuzendu ondoren, Alberto Gastesi zinemagile donostiarra estreinako telesaila grabatzen ari da. Argi gorriak izango da bere izenburua, 30 minutuko zortzi atal izango ditu, eta Itziar Ituño aktorea da protagonista. Umorea, intriga eta drama familiarra uztartzen ditu ikuspegi fresko eta gaurkotuarekin.
Vidania Films ekoiztetxea da telesailaren sustatzailea, EITBren parte hartzearekin. Istorioaren sortzailea Alex Merino da, eta gidoia idazteaz bera arduratu da Alejandra Arrospiderekin eta Gastesirekin batera. Zortzi asteaz filmatuko dute Gipuzkoan eta Bizkaian.
Elena Mugicaren rola jokatuko du Ituñok. Bikoizketako aktore horrek atzean utzi ditu bere urterik zirraragarrienak, eta errutinan murgilduta bizi da, harik eta senar ohia ustekabean itzultzen den arte, iktus batek ezgaituta eta heriotza-mehatxu arriskutsu batean bilduta. Euskal familia disfuntzional batek — kaosak, zinismoak eta gizatasun sakonak markatutako pertsonaiekin — aita desagertuaren itzuleraren inguruko misterioa argitu beharko du. Hori guztia mehatxu kriminalen eta iraganeko sekretuen nahasketa leherkorrarekin.
Ituñorekin batera, Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Iñigo Gastesi, Yangxi Chen eta Iñigo Rodriguez aktoreek parte hartuko dute. Lucia, Paul, Martin, Li eta Julian izango dira lan honetan, hurrenez hurren: familia disfuntzional honen eta bere ingurune hurbilaren funtsezko kideak, drama emozionala, komedia beltza eta intrigazko elementuak aurrez jakin ezin daitezkeen pertsonaien galeria batekin nahasten dituen istorio batean.
Horiez gain, Klara Badiolak, Miren Gaztañagak, Sara Cozarrek, Guiomar Puertak, Aitor Beltranek eta Jon Lukas Puertasek parte hartzen dute, istorioari tentsio, umore eta konplexutasun geruza berriak ematen dizkioten pertsonaiekin telesailaren unibertsoa zabalduz.
Telesailak hainbat gai jorratzen ditu, hala nola aukeratutako familia, identitatea, talka kulturala, lan prekarietatea eta LGTBIQ+ ikusgarritasuna, kutsu lotsagabe, arin eta guztiz emozionalarekin. Bere erreferenteetako batzuk Unbreakable Kimmy Schmidt, Paquita Salas eta Arrested Development dira.