Easo eta San Roke lotuko dituen igogailua eraikitzeko akordioa onartu du udalak

Easoko topo geltokia, Autonomia kaletik, eta San Roke kalea lotuko dituen igogailua eraikitzeko akordio onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak. Asteroko bileraren ondoren Eneko Goia alkateak ezagutarazi duenez, Donostiako Udalak eta Eusko Trenbide Sareak (ETS) sinatu beharreko hitzarmena berretsi dute.
Bertan ezarritakoaren arabera, elkarlanean ariko dira igogailuaren eraikuntzaren lan teknikoetan, eta behin eraikita, hogei urtez lagako dio udalari, eta tarte horretan, haren mantenuaren ardura izango du. Hala, erabilera publikoa izango du, alegia, edonork erabili ahal izango du San Rokera igotzeko, eta ez topoaren erabiltzaileek soilik.
Alkateak adierazi duenez, igogailuaren lanak dagoeneko ikusgai daude inguruko hainbat lekutatik. Metroa 2026ko udan martxan jartzen denerako prest egon beharko duela ere zehaztu du.