Indabe hirukoak 'Ez banaiz' estreinako diskoa aurkezteko bira iragarri du

Antiguako Indabe pop rock taldeak martxoa bukaeran argitaratu zuen Ez banaiz lehendabiziko diskoa. Norak, Peruk eta Uxuek “lan zintzoa eta zirraragarria” zuzenekoetara eramateko kontzertu bira iragarri dute. Ordea, momentuz ez dira etxean ariko, baina bai gertu. Hilaren 29an Lasarte-Oriako jaietan abiatuko dute bira.
Zazpi abesti ditu donostiarren lehen diskoak eta beraien egungo proposamenaren isla da. Zestoako Gaztain estudioan grabatu zituzten bost kanta, eta beste biak Zumaiako Ozen estudioan.
Diskoaren promozio orriak honela dio: “Identitateari, ixten diren zikloei eta irekitzen diren beste batzuei, ohiturei eta kristalezko hiriei buruz hitz egiten du diskoak. Gitarrak, baxua eta bateria ardatz, pop-rockaren eremuan kokatzen du hirukoteak bere musika, baina ez da etiketetan ixten. Asmoen deklarazio bat da talde honena: ametsak eta nostalgia azaletik idatziak”.