Laurie Anderson, Paloma San Basilio eta The Waterboys, besteak beste, Kursaalean izango dira udazkenean

Laurie Anderson, The Waterboys talde britainiarra, Paloma San Basilio, Orchestre des Champs Elysees eta Mikhail Pletnev pianista, besteak beste, Donostiako Kursaal Eszenako udazkeneko denboraldian izango dira.
Gaur aurkeztu dute egitaraua, eta bertan izan dira Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendari gerentea, Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotzia, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Sustapeneko zuzendaria, Patrick Alfaya eta Miguel Martin Kursaal Eszenako programazioaren arduradunak eta Javier Saenz de Jubera Kursaal Eszenako Batzordeko presidente eta Total Energieseko ordezkaria.
Guztira, “bederatzi hitzordu aurten eta beste bi datorren urtean” eskainiko dituzte, musika klasikoa, herrikoia eta txikienentzako proposamenak uztartuko dituztenak. Denboraldia urriaren 18an hasiko da Animalia-Inauteria haur eta familia ikuskizunarekin eta abenduaren 17an amaituko da Johan Sebastian Bachen Gabonetako Oratorioarekin.
Alfayak azaldu duenez, musika klasikoko zikloa urriaren 22an hasiko da, Ludwig van Beethovenen Sinfonien integrala lanaren hirugarren atalarekin. Kursaal Eszenako programazioaren barruan, 2023tik Orchestre des Camps Elysees eskaintzen ari da, Philippe Herreweghe zuzendari belgikarraren zuzendaritzapean. 5. eta 6. sinfoniak interpretatuko dituzte.
Azaroaren 7an, Mikhail Pletnev piano jotzaile errusiarrak joko du, eta kutsu literario eta folklorikoko askotariko programa bat aurkeztuko du, Bach, Grieg eta Schumannen lanekin.
Opera
Azaroaren 19an, Maourad Merzoukiren Compagnie Käfig dantza konpainiaren dantza proposamena eskainiko dute, Les Arts Florissants instrumentu taldearen musikarekin. The Fairy Queen operaren bertsio bat interpretatuko dute dantza garaikidearekin eta hip-hoparekin.
Abenduaren 17an, berriz, Kursaal Eszenara “Gabonetako klasikoa” iritsiko da, Bach-en Gabonetako Oratorioa. Kataluniako Musikaren Palauko Cor de Cambra ganbera abesbatzaren eta Il Gardellino Orchestraren eskutik egingo dute, Christoph Pregardien-en zuzendaritzapean.
Musika herrikoia
Herri musikari dagokionez, Martinek adierazi du denboraldia urriaren 19an hasiko dela, Paloma San Basilioren Gracias birarekin.
Azaroaren 5ean, Laurie Anderson “XXI. mendeko artearen eta intelektualtasunaren pertsonalitaterik garrantzitsuenetarikoa” itzuliko da Kursaalera, eta “proposamen musikal, bisual eta literario” bat eskainiko du Let X = X ikuskizunarekin.
Abenduaren 3an Kursaalen joko du The Waterboys taldeak, eta Life, Death and Dennis Hopper disko berria aurkeztuko du. Horiez gain, 2026ko urtarrilaren 3an, Nogen taldeak joko du, eta apirilaren 13an Ryan Adams izango da, An evening with Ryan Adams Celebratin the 25th Anniversary of Heartbreaker nazioarteko biraren baitan.
Haurrentzako eta familientzako musika
Haurrei eta familiei dagokienez, Alfayak adierazi du bi ikuskizun izango direla: urriaren 18an, itzalen antzerkia Animalia-Inauteriak antzezlanarekin, Luz, Micro y Punto konpainiaren zuzeneko musikarekin, eta azaroaren 29an, Metalikoak, Spanish Brass Aragoiko haize metaleko taldearen kontzertuarekin.
Sarrerak eta abonamenduak salgai daude dagoeneko.