Pro Padel League txapelketak munduko jokalari onenak ekarriko ditu uztailean Donostiara

Uztailaren 10etik 13ra bitartean, Donostia padelaren hiriburu bilakatuko du Pro Padel Tour-ek (PPL). Hamar talde batuko dituen txapelketaren bost geralekuetako bat izango da hiria, Miami, Guadalajara (Mexiko), Hamptons eta New Yorkekin batera. Zehazki, Ondarretako tenis azpiegituran jarriko duten pista estalian jokatuko dute, 1.500 ikuslerentzat lekua izango du.
AEBtako txapelketak Europa egingo duen lehen geldialdia izango da eta beren partaidetza baieztatu dute munduko bi jokalari onenek: Miami Padel Clubeko Agustin Tapia argentinarra eta New York Atlantics-eko Ariana Sanchez espainiarra. Horrez gain, puntako beste jokalari batzuk ere etorriko dira, hala nola, Jon Sanz nafarra (10. postuan) edota Marta Ortega (8. postuan). Kanporaketa bakoitzean gizonezkoen binakako bi partida eta emakumezkoen bat jokatuko dira.
Partiden egutegia
- Uztailak 10, osteguna
- 17:00etan. Miami Padel Club – Arkansas Matrix
- Ondoren, Cancun Waves – Flowrida Goats
- Uztailak 11, ostirala
- 10:00etan, Los Angeles Beats – San Diego Stingrays
- Ondoren, Houston Waves – Cancun Waves
- 17:00etan, New York Atlantics – Las Vegas Smash
- Ondoren, Toronto Polar Bears – Flowrida Goats
- Uztailak 12, larunbata
- 10:00etan, Los Angeles Beats – Houston Volts
- Ondoren, San Diego Stingrays – Toronto Polar Bears
- 17:00etan, Miami Padel Club – Las Vegas Smash
- Ondoren, New York Atlantics – Arkansas Matrix
- Uztailak 13, igandea
- 12:00etan, hirugarren posturako partida
- Ondoren, finala
Bertaratzen direnek Fan Zone bat izango dute, jarduera, gastronomia eta dendekin; eta halaber, 150 lagunentzako VIP gunea egongo da Clubeko jatetxean. Sarrera orokorrak eta VIP sarrerak bihartik aurrera salgai egongo dira El Corte Ingles-en plataformen bidez. Sarrera orokorrak 30 eurokoak izango dira lehen saioan eta 45 eurokoak finalean.
Europako lehen egoitza
Kirol eta Bizitza Osasungarri zinegotzi Iñaki Gabarainek adierazi duenez, Pro Padel League-a Donostiara iristeak “hiria padelaren munduko mapan jartzen du, maila goreneko txapelketa batekin, eta, gainera, jarraitzeko asmoarekin lurreratzen da. Donostia kirolaren hiri izatea sendotzeko beste urrats garrantzitsu bat da, gainera, goraldian dagoen eta gure hirian gero eta padelean jokatzen duten pertsona gehiago dituen diziplina batetik abiatuta. Donostia Kirolatik eragileekin eta sustatzaileekin lanean jarraituko dugu Donostiarentzat erakargarriak diren proiektuak zehazteko”. Eskerrak eman dizkie antolatzaileek Donostia aukeratu izanagatik Europako lehen egoitza gisa.
Aukeraketa horrek helmuga turistiko gisa duenaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatu Goizane Alvarezek nabarmendu du padelak lurraldean duen gorakada ikusita. Zehaztu duenez, 2017tik hirukoiztu egin dira lizentziak. “Pro Padel Tour Donostiara iristea, munduko lehen sailkatuen parte-hartzearekin oso albiste ona la Gipuzkoarentzat. Gainera, gure lurraldeak erakutsi du badakigula lehen mailako kirol ekitaldiak antolatzen, duela gutxi eskubaloiko Errege Koparekin ikusi dugun bezala, bai gizonezkoen bai emakumezkoen edizioan. Horrelako nazioarteko hitzorduek indartu egiten dute Gipuzkoa kirol ekitaldi handien antolaketan erreferente bihurtzeko egin dugun apustua, ikuskizunak, kanpo-proiekzioa eta tokiko parte-hartzea uztartzen baitituzte”. Halaber, aisia osasungarria sustatu eta talentuari erreferentzialtasuna ematen diola ere gehitu du.
Bestalde, GS Sports Managementeko zuzendari orokor eta PPL Europan hedatzeko proiektuaren arduradun Gustavo Santoscoy-k nabarmendu duenez, Donostia aukera “ezin hobea” da “abentura europarrari” ekiteko; eta lehen txapelketa honek “arrastoa uztea” espero du. “Donostiako zaleek esperientzia paregabeaz gozatu ahal izatea, euren lurraldean jokatzen den munduko padel onenarekin”, adierazi du Donostiako Udalean egindako prentsaurrekoan. Gaineratu du taldeek euren partaideak lotu ahala, lehen mailako izar gehiago iragartzea espero dutela.