'Scenic Eclipse' luxuzko gurutzaontzia, Donostiako kostaldean ainguratuta

Ez da luxuzko gurutzaontzi turistiko bat Donostian ainguratzen duten lehenengo aldia, baina beti ematen du atentzioa, halako itsasontziek duten tamaina ikusgarriagatik askorentzat eta turismo masiboaren eta turistifikazioaren erakusgarririk nabarmenen artean daudelako beste askorentzat. Oraingoan, Scenic Eclipse luxuzko gurutzaontzia da hiriko kostaldean ainguratu dutena —2023an, esaterako, World Traveller gurutzaontzia etorri zen—. Bilbotik atera zen atzo, eta Pasaian ainguratzekoak baziren ere, Donostiara etorri dira azkenean.
Scenic Cruises enpresa australiarraren gurutzaontzi bat da, 2019an eraikia. 168 metroko luzera eta 22 metroko zabalera ditu ontziak, 228 bidaiari eta 176 tripulatzailerentzako edukierarekin, zortzi kubiertarekin eta balkoidun 114 suite bikoitzekin. 20.000 eta 40.000 euro arteko prezioak dituzte kamaroteek.
Itsasoaren zein meteorologiaren ia edozein egoerari aurre egiteko gai da gurutzaontzia, eta bi helikoptero, zazpi lagunentzako urpekari bat, lurreratzeko hainbat ontzi txiki, urpean ibiltzeko materiala, kayakak, jatetxeak, igerilekuak eta beste hainbat luxuzko ekipamendu ditu. Gurutzaontziko hainbat bidaiari, hain zuzen ere, hirian lurreratu dira orduotan, Donostian turismoa egiteko.
Desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak gurutzaontziaren iritsiera kritikatu du sare sozialetan: “Batzuk egoskortuta daude turismo eredu txarrena erakartzeko, gurutzaontziena, nahiz eta muga fisikoak, ingurumenekoak eta sozialak izan. Bide horretatik, gutxi batzuek irabazten dute eta gehiengoak galtzen dugu”.