Zenbait erabaki ezagutarazi ditu alkateak

Bi esleipen eta beste hainbeste zerbitzu kontratatzeko espedienteei bide eman die Tokiko Gobernu Batzarrak gaurko bileran. Horren ondoren, haien berri eman du Eneko Goia alkatean komunikabideen aurrean egindako agerraldian.
Esleipenei dagokienean, batetik, Kontxa hondartzako boladizoko bat eta bi tabernak Guajira Sicodelica enpresari egokitu dizkio. Bi urteko kontratua da, urtebeteko bi luzapen egiteko aukerarekin, eta bi sortatan banatuta dago, 36.421 euro eta 19.965 euroko, hurrenez hurren. Bestetik, EBETE Hizkuntza Zerbitzuak ikasketa elkarteari esleitu dio MintzaOn haurrentzako jarduera antolatzeko eta aurrera eramateko kontratua. Jarduera hau Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago eta helburu du euskara trebatzea online egindako solasaldien bitartez. Kontratuak bi urteko iraupena du, urtebeteko bi luzapen egiteko aukerarekin; prezioa, berriz, 54.943 eurokoa da.
Espedienteei dagokienean, aldiz, lehena, Donostiako Emakumeen Etxean eskaintzen diren emakumeei zuzendutako bakarkako arreta zerbitzuak eta ahalduntze taldeak antolatzeari buruzkoa da. Kontratua 2025eko irailaren 1ean hasi eta 2026ko abuztuaren 31ra arte luzatuko da, eta hiru luzapen egiteko aukerarekin. Aurrekontua, 64.864 eurokoa da. Bigarrena, aldiz, hiriko egurrezko hesiak hornitzeko eta aldatzeko da. 100.000 euroko aurrekontua du lizitazioak eta esleitzen denetik, sei hilabeteko epa izango dute hornitzeko eta aldatzeko. Egun, egurrezko hesiez osatutako hiru bat kilometro daude hirian —Urgulleko mendi bideetan, Urumea ibai ertzean edota parkeetan, kasu— eta 750 metro inguru dira aldatzea behar dutenak, atari zabalean egonda, egurra kaltetu eta usteldu egiten baita.