Dee Dee Bridgewater, Marc Ribot eta Bill Bruford sarituko ditu 60. Jazzaldiak
Uztailaren 19tik 27ra, 88 kontzertu eskainiko dituzte Donostiako hamabi agertokitan.

Donostiako Jazzaldiak 60 urte betetzen ditu, eta ospatzeko, 88 kontzertu eskainiko dituzte aurtengo udan, hamabi agertokitan. Uztailaren 19tik 27ra ospatuko dute aurtengo Jazzaldia.
51 kontzertu doakoak izango dira, 31 tokiko artistenak, bost familientzat izango dira Txikijazzaren hamahirugarren edizioaren barruan, zortzi JazzEñeren hamaikagarren ediziokoak, zortzi hondartzan —Keler Gunea—, 23 Kursaaleko terrazetan —Frigo Gunea eta Fnac Gunea—, sei Txillida Lekun, bat Irungo San Juan plazan eta beste bat Maria Cristina hotelean.
Artista handiak izango dira Kursaaleko terrazetan: Naïssam Jalal, Minyo Crusaders, Pete Roth Trio featuring Bill Bruford, Patax, The Amy Winehose Band, Jessie Gordon Quintet, Pianoforte eta JazzyBIT, besteak beste.
Jamie Cullumek bi kontzertu eskainiko ditu, bat doakoa, Keler Gunean, eta bestea ordainpekoa, Kursaal Auditorioan. Cullumi Jazzaren beste izar handi batzuk gehituko zaizkio: Brad Mehldau, Dee De Bridgewater, Marc Ribot, Dave Holland, Hermeto Pascoal, Chris Potter, Steve Coleman eta Marco Mezquida, esaterako.
Beste genero batzuetako musikaren eta musika herrikoiaren eskaintzan “talde legendarioak” izango dira, tartean, The Beach Boys eta EXTC, eta gaur egun moda-modan dauden artistak: Yerai Cortes, The War and Treaty, Nala Sinephro, Anari, Judith Hill, Bulego, Crystal Murray eta Sidonie, besteak beste.
Euskal taldeen 31 kontzertu
Donostiako Jazzaldiak, duela hamarkada batzuetatik hona, tokiko talentua nabarmentzeko eta sustatzeko egiten du lan. Hain zuzen ere, Jazzaldiak bere programazioaren zati handi bat euskal talde eta artistei eskaintzen die, “figura emergenteak eta artista gazteak ez ezik, garrantzi eta aintzatespen handiagoko musikarien kontzertuak proposatuz”.
2025eko Tokiko Taldeak hautatzeko prozesuaren ondoren, hamar talde izango dira aurten ere: Thomas Camille, Biper Swing, Ura Duo, Suite Seda, Eneko Dieguez Quartet, Alma Seben, FEMMM & Band, Velasquartet, Soul Cream eta La Quinta Planta.
Gainera, Anari eta Bulego izango dira Keler Gunean. Txillida Lekun, berriz, tokiko hiru ordezkari izango dira: Iñaki Salvador, Marco Mezquidarekin batera arituko dena; Oreka TX, Bascolombia proiektua aurkeztuko duena, eta Arima Soul.
Los Diversos, Paul San Martin & Itziar Yagüe, Triz Quintet eta Irati Bilbaok, eta hamabi DJk osatzen dute tokiko partaidetza.
Txikijazz
Txikijazzaren 13. edizioa uztailaren 22tik 27ra garatuko da. Familiek musikaz eta arteaz gozatu bitartean, partekatu eta ikasteko gunea da hori, eta hiru agertoki izango ditu: Kutxa Fundazioa Tabakaleran, Txillida Leku, eta Fnac Gunea Kursaaleko terrazetan.
Haurrentzako musika jaialdi honek bost kontzertu eskainiko ditu: Claire Martin, Arima Soul, Irati Bilbao, Old School Funky Family eta The Amy Winehouse Band talde britainiarrarena.
Proposamen osagarri gisa, bost kontzertuetan tailer bana egingo da esparru berean, adin tarte desberdinetarako pentsatuak.
Jazzaldia Saria
Jazzaldian parte hartzen duten artistei ematen zaizkie Donostiako Jazzaldia Sariak, musikaren arloan egin duten ibilbidea aitortzeko ez ezik, musikarien hainbat belaunaldirentzat erreferente bihurtu direlako.
Edizio honetan hiru sari banatuko dira:
Dee Dee Bridgwater: “Jazz bokaleko dama handienetako bat da. Multifazetikoa, kantari ausarta eta esploratzailea, aitzindaria eta, aldi berean, tradizioaren zaindaria. Bridgewaterren karrera beti izan da musika generoen arteko zubia”, azaldu du Jazzaldiaren antolakuntzak.
Marc Ribot: “Berdingabea eta sailkaezina, teknika harrigarri baten eta agortezina dirudien sormenaren jabe, azken hamarkadetan sormen eta asmamen handienekoa erakutsi duen gitarrista da Ribot. Kontzertu zoragarriak eta ustekabekoak dira bereak, betiere gu probokatzeko, gogoetara bultzatzeko eta dibertitzeko duen gaitasuna ondo asko erakusten dutenak”, adierazi dute.
Bill Bruford: “Sofistikatu eta zehatza, King Crimson, YES eta Earthworkspone bezalako supertaldeetan aritua da Bruford. Bere bateria konposizioaren zerbitzura jartzen du beti, sentsibilitate erritmiko ez ezik melodikoa ere erakutsiz, eta bolumenaren aurretik espresioari eta xehetasunari bidea irekiz”, nabarmendu du Jazzaldiak.
DJ-ak Nauticoolen
Uztailaren 23tik 27ra, hamabost DJ saio izango dira Nauticooleko terrazan, Kontxako badiaren parean. DJ-ak Mikel Makalak hautatu ditu: Arima Soul System (Lidia Insausti & Makala DJ-a), Jazzatik (Makala DJ-a & Alex Sax Haro), Makala DJ-a, Rosco, Ope Loeb, Sr. Lobezno, Beltza Weekend Djs, DLC Kultur (Chica Tequila & Maisa Covaleda), Budin, Roberto Tortuga, Soulero! Satte, Divorce From New York, XGFarru, Lidiuska eta Sergio Velez.
‘El Regreso de Josephine’
2024aren amaieran aurkeztutako Jazzaldiaren kartel nagusiaren kontrapuntu gisa, Jose Luis Lanzagorta egileak beste irudi bat sortu du, Josephine Bakerren omenez. “Emakume askea izan zen, eskubide zibilen aldeko borrokalari handia, eta 1930ean modernotasun aire berria ekarri zion instant batez Donostiari”, jakinarazi dute.
Bere izenburua El Regreso de Josephine da, eta Ricardo Martini ere egiten dio omenaldia, 1930ean Principe Antzokian hark ateratako argazkian oinarrituta baitago. El Regreso de Josephine irudia erabiliko da gaurtik aurrera Donostiako kaleak apaintzen dituzten banderoletan.
Egitaraua osorik ikusteko eta sarrerak erosteko, Jazzaldiaren webgunea bisitatu daiteke.