Hilabete amaierarako bukatuta egongo dira Easo kaleko lanak

Metroaren igarobidearen lanak zazpi urtez baino gehiagoz luzatu dira eta arazo ugari eragin dute gunean. Azken asteotan, berrurbanizatze lanetan dabiltza eta Eneko Goia alkateak atzo Tokiko Gobernu Batzarraren ondorengo agerraldian aurreratu zuenez, “hamabost egunetan”, alegia, hilabete amaierarako, bukatuko dituzte. “Hala esan digute ETStik —Euskal Trenbide Sarea—. Ez dago gure esku; ez da udala, beste erakunde bat da obraren arduraduna”, azaldu zuen. Edonola, gunearen egungo egoera ikusita, sinesgarritzat jotzen du iragarpena, are gehiago lanen zati konplexuena “ikusten ez den” izanik eta falta dena, asfaltatzea.
Proiektu beraren parte dira San Bartolome kalea eta Xabier Zubiri plaza. Biak ala biak ere laster egongo dira prest. Lehena, uztaila erdialderako, eta bigarrena, berriz, abuztuaren lehen erdirako. Londres Hotelaren aurrean zegoen iturria berreskuratuko dutela ere jakinarazi zuen alkateak, “ahate bat duen haur baten irudia duena”.
Emaitza aurrekoa baino “askoz hobea” izango da, espaloi zabalagoak, atseden gune eta berdegune gehiago izango baititu guneak. Zubiri plazak, gainera, hiru sarbide izango ditu metroaren bidaiarien joan-etorria errazteko.
Azkenik, Hondarribia kale inguruko lanak, Loiola kaleko metro sarbideari lotuak, urte amaiera eta 2026 urte hasiera artean amaituko dituztela ere iragarri zuen Goiak.