Kalean Urban Fest jaialdia aurrera eramango dute, hirugarrenez, hilaren azken asteburuan
Ekainaren 27an, 28an eta 29an, hiria jardueren beteko du Gipuzkoa Basket Fundazioak eta Donostia Kirolak antolatutako egitasmoak.

Bueltan da Kalean Urban Fest jaialdia. Datorren asteko ostiraletik igandera bitartean, hilak 27-29, hamaika jarduera izango dituzte aukeran herritarrek, Gipuzkoa Basket Fundazioak eta Donostia Kirolak-ek antolatutako egitasmoari esker. Goizean, egitarauaren aurkezpena egin dute Kirol eta Bizitza Osasungarri zinegotzi Iñaki Gabarainek eta Gipuzkoa Basket Fundazioko Josean Ibirikuk eta eta bertan izan dira jaialdian parte hartzen duten erakundeetako ordezkariak, hala nola, Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabal, aldundiko Trantsizio Ekologiko zuzendari Monica Pedreira eta EuskoTreneko Jon Andoni Perez.
Jaialdiaren erdigunea Blas de Otero plaza izango da. Bertan, 3×3 saskibaloiko bi kantxa jarriko dituzte eta zenbait txapelketa jokatuko dituzte, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren 3×3 zirkuituko txapelketa barne, 28an jokatuko dutena. Leku berean, ingurumenarekin konprometitutako erakunde solidarioen karpak jarriko dituzte, egitasmoak iraunkortasunarekin eta parte hartze sozialarekin duen konpromisoa indartzeko.
Halaber, arte urbanoak ere bere tokia izango du grafiti erakusketa batekin. Kultur proposamenak ere izango dira: hilaren 27a, 19:00etan Korrugators taldeak kontzertua emango du. Tabakalerako kanpoko patioan, berriz, 8 metroko eskalada horma jarriko dute, doan erabiltzeko.
Aurtengo berritasunetako bat Urumea ibaia eta Nautikoa gune gisa gehitzea da. Paddle Surf ikastaro irekiak eskainiko dituzte ibaian, eta bai piraguismo bai bela erakustaldiak Ondarreta tenis klubarekin lankidetzan, Kontxako hondartzan, Nautikoaren ondoan.
Bestalde, Pagolako Skate Parken skate jarduerak antolatuko dituzte, LekuSkateren laguntzarekin. Aurreko urteko ildo artistikoari jarraituz, oraingo honetan Pagolako parkeko bowla margotuko dute. Aurreko urteetan Amara Kantxa eta Tabakalerako Dantza eskolako pareta margotu ziren.