«Mugikortasun sailburua ez da gai izan metroaren gainkostuez datu zehatzak emateko»
EH Bilduk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Metroaren gainkostuez azalpenik eman gabe jarraitzen du.

Mugikortasun Jasangarriaren batzordea egin zuten atzo, eta EH Bilduk horrela eskatuta, Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburuak agerraldia egin zuen. “Beste aukera galdu bat izan da hiritarrek jakin dezaten, behingoz, zenbatekoa izan den gainkostua”, deitoratu dute.
Lanak bukatzear dira, eta 2026an zehar metroaren igarobidea abian jartzea aurreikusten du Jaurlaritzak. Ordea, Garcia Chuecak oraindik ez du argitu gainkostu zehatza zenbatekoa den. “Zenbaki orokorrak soilik ematea, alegia, gastu totaletan babestea estrategia da zehaztasunak ez emateko, baina EH Bildutik berresten gara gastuen xehatzea dela gakoa zenbat eta zertan gastatu den jakiteko”, salatu du alderdiak.
“Gure ustez, ez da auzi teknikoa, politikoa baizik, horregatik antzua deritzogu ETSren gaitasun teknikoen atzean ezkutatzea hartutako erabakien egokitasuna justifikatzen saiatzeko, Garcia Chuecak egin zuen bezala. Erantzukizun politikoez ari gara, erabaki politikoez, ez teknikoez. Erabaki sorta bat hartu da gardentasun eta informazio faltarekin, horregatik sortu da kezka eta etsipena herritarren artean”, adierazi du EH Bilduk.
412 kexa
Alderdiak jakinarazi duenez, urte hauetan zehar herritarrek metroaren eraginez jarritako kexak 412 izan dira. Ordea, ez dute jakiterik izan kalte ordainak zenbatekoak izan diren. “Gure ardura da erakunde publikoetatik egiten den jardunaren jarraipena egitea eta horretan segituko dugu. Azken hilabeteotan ETSren lanei jarraipena egiteko batzorde ez iraunkorra deitu dugu Donostiako Udalean (bost hilabeteko atzerapenarekin egin zena maiatzaren 7an), gainkostuez galdera sorta erregistratu genuen martxoan Eusko Legebiltzarrean, eta sailburuak EH Bilduk eskatutakoa argitu ez zuenez, Garcia Chuecaren ahozko agerraldia sustatu dugu. Galdegin ditugun datuen zain segitzen dugu”, azaldu du EH Bilduk.