25. Musika Modernoaren Maratoia aurrera eramango dute larunbatean Bulebarreko kioskoan

Ekainaren 21a Musikaren Europako Eguna da. Hori ospatzeko, udalaren Musika eta Dantza Eskolak Musika Modernoaren Maratoia aurrera eramango du larunbatean. Musikaren aniztasuna eta aberastasuna ospatzen duen egunean, 25. aldiz egingo dute jarduera hau. Bertan, Eskolako musika modernoko talde nagusien hainbat emanaldik Bulebarreko kioskoa lau bat orduz musikaz beteko dute, 17:30ean hasita.
Hona egitaraua:
- 17:30ean, Atotxako Big Combo.
- 18:00etan, Jazz comboa.
- 18:30ean, Folk comboa.
- 19:00etan, Noka.
- 19:30ean, Korrugators.
- 20:15ean, Big Band III.
Big Band IV, Aste Nagusian
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Big Band IV Donostiako Aste Nagusira itzuliko da, abuztuaren 9rako 23:30ean Bulebarreko kioskoan programatutako emanaldi batekin. Bi hamarkada eta erdiko legatuarekin, Big Band IV Aste nNagusiko gauetako klasiko bihurtu da.
1999an sortu zen, Iñaki Salvador pianistaren zuzendaritzapean, Eskolako Musika Modernoko departamentuaren barruan, eta bandak bere esentziari eutsi dio, Eskolako ikasleak bakarrik parte hertuz. Mikel Romero Laibarra eta Ibon Irijoa Cortesen gidaritzapean, jazz klasikoetatik hasi eta blues, funky, latin-jazz eta rockean sartu-irtenak egiten dituzte.
Aste Nagusian parte hartzeaz gain, Big Band IV behin baino gehiagotan izan da Jazzaldiaren parte, eta erreferente bihurtu da bertako musika eszenan.