500 kiloko harria aldapan gora igoko dute Herreran

Iazko berritasunari jarraituz, giza proba antolatu dute aurten ere Herrerako jaietan, ostiral honetarako (hilak 20), 18:30ean. Herredena izena jarri diote egitasmoari aurten, auzoaren eta giza proba hartuko duen Ederrena kalearen arteko hitz jokoa eginez. Hain zuzen ere, aldapa gogorra duen kalea da hori, eta, iaz egin zuten moduan, 500 kiloko Altza Herria harria aldapan gora igo beharko dute parte hartzaileek; denbora gutxienean igotzen duen taldea izango da garailea.
Iaz, hiru taldek hartu zuten parte, eta Aaatraxtarrak kuadrilla izan zen irabazlea. Aurten, aldiz, bost taldek hartuko dute parte, tartean iazko kuadrilla irabazleak: Emaion!, Mujikatarrak, Peruenetarrak, Ñoñostiarrak eta Aaatraxtarrak taldeek hartuko dute parte. Irabazleak Bizargorri jatetxean bazkari bat eskuratu du, sari gisa. Jaien azken asteburuan murgilduko dira Herreran apustuarekin, baina oraindik jarduera ugari dituzte aurretik; hemen daukazue egitaraua.
Mujikatarrak Herrerako familia batek osatutako taldea da, Aaatraxtarrak eta Peruenetarrak auzoko bi lagun kuadrilla dira eta Emaion! Lezoko emakume talde batek osatutako taldea da. Ñoñostiarrak, aldiz, kartelean ikus daitekeenez, Donostiakoak dira eta parte hartzaile berezi bat sartu dute argazkian. Txantxatan edo benetan sartu duten ikusteko, ostiralean Ederrena kalera gerturatzea da aukera bakarra.