«Adimen Artifiziala hemen dago, eta, arautze ariketa bat egin ezean, nolanahi erabiliko dugu. Oso-oso arriskutsua litzateke hori kazetaritza onarentzat»
Arrarats ibili da adimen artifiziala BERRIAn nola erabiliko den zehazten duen dekalogoa idazten: «Halako aukerak eta arriskuak dakartzanez, ordena jarri behar da, irizpide batzuk ezarri». Beharren arabera eguneratuko dela iragarri du.

BERRIAko erredakzio zuzendaritzak adimen artifizialaren erabileraren inguruko gogoeta prozesua abiatu zuen iaz. Irene Arrarats Lizeagari (Hernani, Gipuzkoa, 1967) eskatu zioten dekalogoa idazteko, eta jendaurrean ere berak aurkeztu du. Atzo egin zuten aurkezpena, Donostiako Viktoria Eugeniako Klub aretoan.
Beharrezkoa da adimen artifizialaren erabilera arautzea?
Argi dago komunikabide serioek estrategia bat zehaztu behar dutela jakiteko nola jokatu adimen artifizialarekin: zertan erabiliko duten, noiz, zertarako… Funtsezkoa da hori. Izan ere, adimen artifiziala hemen dago, eta, halako ariketa bat egin ezean, nolanahi erabiliko dugu. Oso-oso arriskutsua litzateke hori kazetaritza onarentzat.
Izan da alarma piztu zuen kasurik?
Kontua da hemen dela adimen artifiziala, eta, poliki-poliki, BERRIA ere erabiltzen hasia zela gauza batzuetarako. Halako aukerak eta arriskuak dakartzanez, ordena jarri behar da, irizpide batzuk zehaztu. Gainera, aurretik argi eta garbi ezarrita dauzkagu gure irizpide deontologikoak eta periodistikoak. Jakinda zein den BERRIA taldearen helburu nagusia, horren zerbitzuan daude irizpide horiek, baita adimen artifizialari dagozkionak ere.
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.