Donostiako lehen WTA emakumezkoen tenis txapelketa aurkeztu dute

Euskal Herriko lehen Women’s Tennis Association (WTA) txapelketa Donostian jokatuko da. Hain zuzen ere, gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Nazioarteko Opena, RC Tenis SS udal instalazioetan. Irailaren 6tik 13ra izango da, eta Donostia Kirolak nabarmendu duenez, “urrats erabakigarria da emakumezkoen kirola eta tenisean talentu gaztea bultzatzeko”.
Tennium konpainia da txapelketaren antolatzailea, Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean. Enpresa aitzindaria da tenisaren munduan, eta esperientzia handia du nazioarteko ekitaldi handiak kudeatzen, hala nola Davis Kopa, Bartzelona Open Banc Sabadell, Hamburg Open eta Argentina Open. Hori dela eta, goi mailako partaidetza bermatuko dute Donostiako Nazioarteko Openean.
Women’s Tennis Association
Emakumezkoen tenis zirkuitu profesionala zuzentzen duen erakundea da Women’s Tennis Association (WTA). 1973an sortu zuen Billie Jean Kingek. Erakundearen helburua berdintasuna, talentua eta kirol bikaintasuna sustatzea da, munduko tenislari onenak biltzen dituzten nazioarteko lehiaketen bidez. Hain zuzen ere, WTAren egutegian txertatu dute Donostiako txapelketa.