Helduentzako Olinpiadak, lehen aldiz, Oletako jaietan
Gurasoei erreleboa hartu, eta gazteek osatu dute aurten Oletako jai batzordea. Betiko festak antolatu dituzte, betiko ordutegiekin, baina aurten, egun bat gehiago izango dute, San Joan bezpera astelehenean tokatzen delako. Atzotik, jaietan murgilduta dago auzoa, eta asteburuan, ez dute aspertzeko tartetik izango.

Udako jaietan murgilduta daude Donostiako auzoak dagoeneko, eta egun hauetan ari dira ospatzen Oletako festak ere. Atzo arratsaldean bota zuten txupinazoa, eta herri afariarekin eta karaokearekin eman zioten amaiera egunari. Gaurtik astelehenera, jarraipena emango diote egitarauari, eta San Joan suaren argipean itzaliko dituzte festak.
Uxue Franco (Oleta, 2005) jai batzordeko kideak azaldu duenez, aldaketa garrantzitsu bat gertatu da batzordean: “Gazteak sartu gara aurten, orain arte, gurasoek egiten zituztelako festak. Ordea, dagoeneko pixka bat kokoteraino zeuden, eta pentsatu genuen aurten gure urtea zela eta gu sartu behar ginela jaiak antolatzera”. Francoren arabera, betiko plangintza bera jarraitu dute, eta “urteroko festa berdinak” prestatu dituzte, nahiz eta aurten, jai egun gehiago izan. “San Joan bezpera noiz tokatzen den, horrek baldintzatzen ditu jaiak. Aurten, astelehena tokatzen da, eta beraz, atzo hasi genituen jaiak”, adierazi du Francok.
Hori dela eta, jarduera gehiago sartu behar izan dituzte egitarauan, eta berritasun gisa, Nagusientzako Olinpiadak antolatu dituzte. “Txosnan eman daiteke izena, eta gehienez, hiru-bost pertsonako taldeak izango dira”, jakinarazi du jai batzordekoak.
Francoren arabera, Oletako jaiek duten gauzarik bereziena da “herriko festa bat dela, gurea”. “Ez da kanpotik jende asko etortzen, eta auzotarrok geratzen gara auzoan. Donostiako jai askotara joaten da kanpoko jendea, baina Oletan beti berdinak gaude, eta denok ezagutzen dugu elkar”, azaldu du, aurten ere auzoko festetan primeran pasatzeko esperantzaz.
Hemen ikus dezakezue egitaraua osorik.