Añargi energia jasotzen hasi da, trabei aurre eginez
Añargi energia komunitateak udalaren onespena jaso du eta dagoeneko sortutako energia jasotzen hasi da.

Oztopo ugari izan eta gero, Añargi energia komunitate añorgatarrak udalaren baiespena jaso du eta maiatzaren amaieratik aurrera, energia jasotzen hasi da, komunitateko kideek azaldu dutenez.
2022an, Añorgako lagun talde batek energia komunitate bat aurrera eramateko helburua jarri zuen. Horrela jaio zen Añargi, energia berriztagarrien komunitatea. Momentu hartatik aurrera, 2023an, 76 panelez osatutako lehen instalazioa jarri zuten auzoan dagoen Ikastolen Elkartearen egoitzako teilatuan. Horrekin batera, lehengo urtean, beste 68 plaka jarri zituzten Pedro Jose bideko eraikuntza baten gainean.
Hala ere, segituan instalazioak martxan jartzeko oztopoak aurkitu zituzten, izan ere, lehendabizi Iberdrolak proiektua onartu behar zuen. Txostena bidali zioten, baina enpresak atzera bota zuen behin baino gehiagotan. Hori dela eta, EH Bilduk Iberdrolak Añargi “ez oztopatzeko” eskaera egin zuen udal batzar batean, eta koalizio gobernuko bi alderdien, EAJren eta PSE-EEren, onespena jaso zuen.
Urte eta erdi ondoren, kooperatiba lehen aldiz hasi da Ikastolen Elkarteko energia jasotzen. Oraingoz ez da kantitate handia, baina handitzeko esperantza dutela aitortu dute. Datorren urterako erronka handia dute, izan ere, oraindik proiektu berriak prestatu eta teilatuen lagapena negoziatu behar dute, besteak beste.
Orain, beraien helburua bazkide kopurua handitzea da, ideia berrien bila baitabiltza. Gainera, hiritarren energia kontsumoa murrizteko beharra sentitzen dute, horregatik, hilabete hauetan Añorga Txikiko Auzo Elkartean informazio gune bate jarriko dute. Bertan, pertsonen argi fakturak aztertu ondoren, kontsumoa gutxitzeko aholkuak partekatuko dituzte. Beraiekin harremanetan jartzeko nahia duen edozeinek posta elektronikora idatz dezake: anorga.ebk@ni.eus