«Ez dut agente komertzialik, eta Instagram lan egiteko plataforma bat da niretzat»
Itzultzailea eta aktorea da Aiora Enparantza Armentia (Ibaeta, 1995). Bagera Euskaltzaleen Elkartean ari da lanean gaur egun, baina beste lan batzuekin uztartzen du hori. Esaterako, ETB1eko 'Linbo' saioan kolaborazioak egiten ditu, eta itzultzaile gisa ere badabil. Publizitatearen inguruko negozioaz ere aritu gara berarekin.

Zergatik aukeratu duzu Aratz taberna elkarrizketarako?
Aratz aukeratu dut ostiralero hemen bazkaltzen dudalako aitarekin eta Arantza auzokidearekin, hemen bizi dena. Gurasoak ere hor ondoan bizi dira, eta astero hemen nagoenez, auzoko taberna aukeratu dut.
Itzultzailea, aktorea, umoregilea… Nola definituko zure bizitza profesionala?
Nire esperantza elkarrizketa hau irakurri eta zerbaitez enteratzea zen, ez dakidalako zer esan. Gauza asko egin ditut, eta, egia esan, kostatu zait zerbaitetan zentratzea. Aldiro, ahal nuena egin dut. Itzulpengintza ikasi nuen, gero Hizkuntzalaritza egin nuen, eta itzultzaile lanetan hasi nintzen. Ondoren, erabaki nuen aktore izaten saiatuko nintzela, eta horrekin lotutako lan batzuk ere egin ditut. Publizitatea ere egin dut, eta beste gauza asko ere bai. Batzuetan, pena ematen dit zerbaitetan zentratu ez izanak; gauza asko interesatzen zaizkit.
Gaur egun, Bagera Euskaltzaleen Elkartean zabiltza lanean. Zer moduz bertan?
Ondo, gustura. Lantalde polita daukagu, eta lanak, modu batera edo bestera, harremana dauka ikasi dudanarekin. Beraz, pozik ari naiz euskararen alde lanean.
Bageran hasi baino lehen, ordea, Madrilera bizitzera joatea pentsatu zenuen. Zergatik?
Edozer gauza egiteko asmotan joan nahi nuen. Ez nengoen batere gustura Donostian, eta antzerkia Madrilen ikasi nuenean, konpainia bat sortu genuen, Paraban izenekoa. Nire konpainia kideak han zeuden, eta proiektu bat abiarazi nahi genuen. Horretarako, erabaki genuen denok toki fisiko berean egon behar genuela, eta beraz, zentzua zuen ni hara joateak. Probatu nahi genuen ea konpainiak funtzionatzen zuen, baina, azkenean, hemen beste gauza batzuk atera zaizkit eta bertan geratu naiz. Hala ere, udan proiektu horrekin jarraituko dugu.
Donostian aktore gisa lanean aritzeko aukera handia al dago?
Egia da nik egin ditudan proiektu profesionalak Donostian atera direla, gehienak behintzat. Proiektu txikiak izan dira, ez baitut egin antzerkia Donostian profesionalki. M.A. Laborategian eta Borobil Teatroan ikasi dut, adibidez, baina ez dut antzezlanik muntatu hemen. Beraz, ez dakit, baina imajinatzen dut ez dela erraza.
Kolaboratzaile gisa ere ari zara ETB1eko ‘Linbo’ saioan. Nolako ekarpena egiten diozu programari?
Ironia tona bat eskaintzen diot Linbo–ri. Uste dut umorea egiten dudala zerbaitek frustratzen nauenean haserretu egiten naizelako, eta hortik saiatzen naiz egoerari buelta ematen, umorea erabilita. Ez dut esango kritika soziala egiteko erabiltzen dudanik, baina autokritika egiteko bai.
«Ezin dut lan egonkor bat eduki beste gauza batzuk egin nahi baditut, eta egin nahi ditudanez, lan arraroak bilatu behar ditut»
Horrelako saioen falta nabaritzen al zen ETBn?
Bai. Nire ustez, gabezia bat dago ETBn, orokorrean, bai euskararekiko eta baita umorearekiko edo fikziozko proiektuekiko ere. Zein eskaintza dago helduentzat, gaur egun, ETB1en? Umore eta fikzio aldetik, oso gutxi. Uste dut Linbo–k, behintzat, eskaintzen duela gazteentzako saio bat, ikusteko eta ondo pasatzeko.
Aurpegi ezaguna da zurea, baina orain, are gehiago, markesinetan Keler garagardoaren publizitatean agertzen baitzara.
Kelerrekoek fitxatuta ninduten Instagrametik, eta behin, Kursaalaren parean oinez ikusi ninduten. Hurrengo egunean, idatzi egin zidaten, iragarkia egin nahi nuen galdetzeko.
Instagram bidez lortzen dituzu publizitate eskaintzak?
Ia guztiak. Eta castingak ere bai, batzuetan. Ez daukat agente komertzialik, eta beraz, Instagram lan egiteko plataforma bat da niretzat. Aktore askori gertatzen zaie hori, agente komertzialik ez badugu, ezin ditugulako castingak egin, pribatuak direlako. Beraz, lan egiteko modu bakarra da zeure burua pixka bat saltzen saiatzea. Madrilen nengoenean, adibidez, agentzia batean nengoen, baina Madril oihana da zentzu horretan. Jende pila bat dago, eta ez badiozu diru dezente ematen agentziari, ez zaizkizu hainbeste casting iristen.
Gogoko duzu publizitatean aritzea?
Nahiago dut fikzioa egin, baina publizitatea ere lana da, eta ateraz gero, onartu egiten dut. Publizitatea egiteak antza handiagoa du modelo izatearekin aktore izatearekin baino. Nik modelo lanak egin ditut dirua irabazteko, eta uste dut aktore askori gertatzen zaien zerbait dela. Aktoreek, agian, nahiago dute fikziozko proiektuak egitea, antzerkiarekin zerikusi handiagoa dutelako, baina publizitatea ateratzen bazaie, bizirauteko modu bat da. Madrilen, adibidez, negozio oso bat dago muntatuta publizitatearekin, dirutza ordaintzen dutelako.
Itzulpengintzan hasi zinen lanean, itzuli al zara inoiz?
Itzulpengintza ikasi nuen, eta gero, Bartzelonara joan nintzen masterra egitera. Bertan, itzultzaile lanetan aritu nintzen urtebetez, eta ondoren, Donostian, aldi bereko interpretazioan aritu nintzen hitzaldietan. Horrez gain, Susa argitaletxearekin Alda Meriniren poema liburu bat itzuli nuen italieratik euskarara, eta orain, beste bat itzultzen ari naiz Katakrak argitaletxearekin. Itzulpengintzaren arloa ere asko gustatzen zait, baina guztia bizitza propiorik eduki gabe uztartzen dut. Gustuko gauzak egiten ditut, baina diru sarrera minimo baten truke. Izan ere, ezin dut lan egonkor normal bat eduki beste gauza batzuk egin nahi baditut. Eta egin nahi ditudanez, lan arraroak edo lanaldi erdiak bilatu behar ditut.