Hemeretzi su antolatu dituzte Donostian, San Joan bezperarako

San Joan bezpera ospatzeko eta udari ongietorria emateko prest dago Donostia. Udalak eta hainbat auzo eta kultur elkartek hiriko hainbat txokotan ekitaldiak antolatu dituzte, eta guztira, hemeretzi su piztuko dituzte auzo ezberdinetan.
Urteko gaurik motzenean, honako auzo hauetan gozatu ahal izango da sanjoan bezperako ikuskizunaz: Igeldon, Antiguan, Aieten, Amara Berrin, Morlansen, Amara Zaharran, San Roken, Loiolan, Parte Zaharrean, Martutenen, Egian, Saguesen, Intxaurrondo Zaharrean, Intxaurrondon, Bidebietan, Herreran, Larratxon eta Oletan.
Plaza Berriko ekitaldia
Ohiturari jarraituz, aurten ere udal agintariek Plaza Berriaren erdian jartzen den lizarraren aurrean erritua egingo dute. Ekitaldia 20:00etan hasiko da eta, bertan, udal agintariekin batera Goizaldi, Arkaitz, Eskola eta Gero Axular dantza taldeek Udal Txistulari Taldeak musikatuko duen esku dantza dantzatuko dute.
Behin esku dantza amaituta, San Joaneko lizarrari erritua egiteko unea iritsiko da. Agintariek lizarra ureztatuko dute eta, jarraian, dantzariek su emango diote. Behin sua piztuta, dantzariek eta udal agintariek fandangoa eta arin arina dantzatuko dute, eta jarraian kalejira egingo dute plazan zehar.
Kalejira amaitu ostean, sua itzaliko dute eta lizarraren azala banatuko da, Udal Txistulari Taldeak erromeria egiten duen bitartean.