Itsasoa lekuko: Groseko Indarra eta Surfatloiaren erronka
Igandean, Groseko Indarra elkartearen 25. urteurrenaren harira, kirol ekitaldi bat antolatu dute Saguesen; Surfatloia. Klubak arrauna eta korrika nahasten dituen egitasmo prestatu du herritarrentzat.

Groseko Indarrak surfa bultzatzea du helburu nagusi. Surfa gustatzen zaie, eta oso afizio sanoa dela dio Eneko Aizpuruk, elkarteko lehendakariak. Aberastasun handiko kirola da, izan ere, naturarekin lotura zuzena du. Elkarteak surfa praktikatu nahi duen pertsona ororentzat instalazioak eskaintzen ditu, baina horretaz gain, ez dute surfa edonola bultzatzen; balio aurrerakoien ikuspuntutik surfa bultzatzea da haien helburu nagusia. Helburu aurrerakoiei buruz hitz egiterakoan, zerrenda luze bat egin dezaketela aipatu du Aizpuruk, baina parekidetasuna, parte hartzea eta elkartasuna nabarmendu ditu. Horretaz gain, euskarari lehentasuna ematen saiatzen dira.
Klub honen jaiotza ez da kasualitatea. Duela 25 urte, surf zale talde batek elkarrekin biltzeko eta antolatzeko beharra sumatu, eta surf elkarte bat sortzeko premiaz ohartu ziren. Klubari izena jartzeko zalantza nabarmenak izan zituzten, eta azkenean, surflari baten aitonaren omenez, gaur egun duen izena jarri zioten. Aitonak 36ko gerran gudari batailoi batean hartu zuen parte, eta gudaroste horren izena Eusko Indarra zen. Hitz joko horretatik sortu zen elkartearen izena: Groseko Indarra.
Aitonak 36ko gerran gudari batailoi batean hartu zuen parte, Eusko Indarran. Hitz joko horretatik sortu zen elkartearen izena
25 urte igaro dira geroztik, eta Groseko Indarreko kideek data hau baliatu nahi izan dute elkartearen egitasmoaren berri emateko. Aizpuruk dio horrelako jarduerak dituztenean beti bazkideekin biltzen direla, haiek bururatzen zaizkien proposamenak luza ditzaten. Kasu honetan, ekitaldi hau antolatzeko lantalde bat sortu zen, bertan jardunaldiaren garapena erabakitzeko. Bertako bazkide baten proposamena izan zen Surfatloia. Elkarteak garrantzi handia ematen dio bertako bazkideei eskainitako zerbitzuei. Hala ere, bazkide ez diren gainontzeko surflari eta herritarrei itsasoarekin loturiko kirol ekitaldietan parte hartzeko aukera ere eskaini nahi die.
Aizpuruk honela dio: «Balio aurrerakoien ikuspuntutik, argi daukagu antolatzen ditugun kirol ekitaldien ezaugarrietako bat herrikoitasuna izan behar dela, eta, beraz, ahalik eta jende gehienak parte hartzeko moduko kirol ekitaldi bat antolatu behar dugula». Horregatik, Surfatloiak bi ibilbide desberdin izango ditu, partaide bakoitzaren kondizio fisiko eta esperientzia mailara egokitutakoak. Lehenengo ibilbideak kirolarien gaitasun fisikoa eta erresistentzia neurtzeko helburua du, izan ere, erronka handiagoa proposatzen du. Parte hartzaileek hiru kilometroko ibilbidea egingo dute arraunean: taulen gainean edo arraun surfean, Groseko Indarraren egoitzatik kaira heldu arte, Pasealeku Berritik igaroz. Kaian, partaideek orain arte erabilitako materiala aurretiaz antolatutako eremu berezi batean uzteko aukera izango dute eta korrika egiteko beharrezko materiala hartuko dute bigarren zatiari hasiera emateko. Bigarren zatian, kirolariak korrika itzuliko dira Pasealeku Berritik hasierako puntura, guztira beste hiru kilometro eginez. Ibilbide hau 09:00etan hasiko da, eta partaideek, gehienez, hiru ordu izango dituzte betetzeko.
Bigarren ibilbidea esperientzia gutxiago dutenentzat edo jarduera ludikoago bat egin nahi dutenentzat pentsatuta dago. Bi ibilbideen abiapuntua berbera izango da, eta, beraz, ibilbide hau ere Groseko Indarrean hasiko da. Aukera honetan, lehenengo zatia, arraun zatia, Zurriolatik barrena izango da eta morruan amaituko da. Ondoren, material aldaketa egiteko eremu berezi bat egongo da, kirolariak korrika egiteko presta daitezen. Horrela, kilometro bateko lasterketa egingo dute Kursaalaren atzetik, abiapuntura iritsi arte. Ibilbide hau 10:30ean hasiko da, eta parte hartzaileek ordu eta 30 minutu izango dituzte betetzeko.
25. urteurrenarekin, eta, bide batez, Surfatloiarekin, elkarteak honako hau nabarmendu nahi du: «Kirol ekitaldi honekin 25 urte daramazkigula hemen azpimarratu nahi dugu, eta beste hainbeste edo gehiago eman nahi ditugula Zurriolako txoko honetan. Baina ez soilik surfa bultzatzen, balio euskaldun eta aurrerakoietan oinarritutako surfa bultzatzen».