Jaietako sexu erasoen aurkako kanpaina abiatu du udalak

Urteroko legez, jai giroan gertatzen diren eraso matxisten aurkako udako prebentzio eta arreta kanpaina abiatu du Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak. Ekainetik irailera arte egongo da indarrean kanpaina, Festetan ere aske, Indarkeria sexistarik ez! lelopean.
Hiriko etxebizitza guztietako postontzietan kanpainari buruzko informazioa uzten hasiko dira, eta hainbat jaietan presentzia nabarmena izango du: San Joan bezperan, Jazzaldian, Groseko Zipotz jaietako eta kaiko Karmengo jaietako larunbatean, Aste Nagusian, Egiako Porrontxo jaietan, Euskal Jaietako Sagardo Egunean eta Kontxako Banderako bigarren igandean. Besteak beste, informazio erabilgarria duten esku orriak eta bestelako materialak sortu dituzte, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
“Festa giroan eraso sexisten aurkako mezuak zabaldu, emakume eta gizonen berdintasunaren inguruko ezagutza bultzatu eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera proaktiboak sustatzea dauka helburu kanpaina honek”, azaldu du Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak. Tabernetan sentsibilizazio materiala eta jarduteko protokoloa banatu eta aurkeztu dute, hain zuzen ere. Udalak azaldu duenez, “helburua da tabernak espazio seguruak izateko baliabideak bultzatzea, tabernetan pasa daitezkeen erasoen aurkako jarraibideak ematea, tabernarietan eraso sexisten aurkako sentsibilizazioa sustatzea eta erasoen aurrean jokatzeko tresnak ematea”.
Puntu Morea
Aurten ere Puntu Morea irekiko dute hainbat jaietan, “eraso sexisten aurkako informazio eta artatze puntu gisa”. Hauek izango dira Puntu More horien kokapenak eta ordutegiak:
- San Joan bezpera (ekainak 23): 19:00–01:00, Kursaaleko zubiaren ondoan.
- Kaiko Karmengo jaiak (uztailak 19): 22:30–04:30, Bulebarreko kioskoan.
- Groseko Zipotz jaiak (uztailak 19): 21:00–03:00, Katalunia plazan.
- Jazzaldia (uztailak 23, 24, 25 eta 26): 20:00–01:30, Kursaaleko zubiaren ondoan.
- Aste Nagusia (abuztuaren 9tik 17ra): 13:00–10:00, Bulebarreko kioskoan.
- Sagardo Eguna (irailak 13): 11:00–17:00, Bulebarreko kioskoan.
- Kontxako Banderako bigarren igandea (irailak 14): 10:00–16:00, Bulebarreko kioskoan.
- Egiako Porrontxoko jaiak (irailak 18, 19 eta 20): 22:00—04:00, Plaza Haundin (Luis Martin Santos plaza).
- San Tomas eguna (abenduak 21): 10:00–15:00, Bulebarreko kioskoan.