San Bartolomeko magala parke publiko bihurtzea eskatu du Elkarrekin Donostiak

Elkarrekin Donostiak San Bartolomeko magalari buruzko mozio bat aurkeztuko du ekainaren 26ko udalbatzarrean. Ezbaian dagoen lursaila espazio berde publiko bihurtzea eskatuko dute, aurrez esandakoa berretsiz. Horren inguruko xehetasunak emateko agerraldia egin du gaur Victor Lasa Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak, udaletxean.
Aipaturiko eskaera herritarrena dela adierazi du Lasak, San Bartolomeko Herri Plataformak sustaturiko kanpainaren baitakoa delako. Klima larrialdiari aurre egiteko neurri gisa, San Bartolomeko magala parke publiko bat izan behar dela nabarmendu du Lasak: “Donostiak birika berdeak behar ditu, ez hormigoi bero gehiago. Euskadi 1,1 gradu berotu da aro industrial aurreko garaitik, muturreko bero egun kopurua bikoiztu da, eta itsasoaren maila hazten ari da. Eusko Jaurlaritzak berak onartu du publikoki klima aldaketa ezin dela atzera bota eta lurraldea egokitu behar dela”.
San Bartolomeko afera “eredu urbanistiko agortu baten sinboloa” dela adierazi du Lasak. “Hirigunean gune berdeen gabezia larria dago, eta Klima 2050 estrategiak lehentasunezkotzat jotzen du azpiegitura berde berriak sortzea beroari, euri zaparradei eta biodibertsitate galerari aurre egiteko”, azaldu du. “San Bartolome gutxi batzuen mesederako soilik balio duen hiri eredu baten azken agonia da”, gaineratu du.
Egoera horren aurrean, Elkarrekin Donostiak alternatiba bat proposatu du: “Parke publiko bat, irisgarria eta tokiko zuhaitzekin, hiriko bizitza berreskuratzeko eta justizia klimatikoan aurrera egiteko tresna gisa”. Ildo beretik, aurkeztuko duten mozioan eskaera gehiago barnebilduko dituzte. Hala nola, “espazioaren erabilera urbanistikoak berriz planteatzeko konpromisoa, berriro kalifikazioak saihestekoa, eta auzotarrekin eta talde ekologistarekin parte hartze prozesu bat abiaraztekoa”.