Udaran ondo pasatzeko 50 jardueretan parte hartzeko aukera ireki dute
Gladys Enean, Ulian eta Urgullen hainbat aktibitate antolatu ditu Cristina Enea Fundazioak.

Cristina Enea Fundazioak aurtengo udako jardueren agenda aurkeztu du eta osotasunean ikusgai dago beraien webgunean. Bertan, jardueretan izena emateko aukera ireki dute hiritarrentzat.
Gladys Enean, Ulian era Urgullen 50 jarduera inguru prestatuko dituzte. Aurtengoan ere, aire zabaleko zinema irekiko dute, lau proiekzio eskainiz. Honen inguruko informazioa ekainaren 23tik aurrera webgunean egongo da eskuragarri.
Bihar, Nafarroako Unibertsitatearekin batera, Intsektuak erakusketa hasiko da, benetako intsektuak ikusteko eta haiei buruz ikasteko aukera edukiko dute umeek eta helduek. Ekainaren 28tik aurrera, artearen eta grabatuen inguruko erakusketa, Hari Gorria deiturikoa, ikusgai izango da Gladys Enean. Gainera, aurreko urteko arrakasta ikusita, aurten bisita antzeztuak berriro izango dira Egiako parkean. Halaber, uztailaren 12an urtaroen elementuetan oinarritutako tailer artistikoa eskainiko dute.
Urgullen, berriz, Natur Txokoa uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da irekita. Bertan, umeek eskulan era tailer didaktikoetan parte hartzeko aukera izango dute. Azkenik, Ulian naturaren inguruko erakusketa irekiko dute eta hainbat ikasleren arte lanak ikusgai egongo dira.
Iñigo Garcia Vilanuevak, Ingurumeneko zinegotziak, proiektuaren aldeko iritzia partekatu du: “Atsegin handia da gure hiriko berdeguneetan agenda hain zabala eskaini ahal izatea”.